Herri txikien gerorako, auzolana orain
Herri txikien garapenerako, balio, jarrera, auzolan kultura eta halako elementu ukiezinek dute aurrera egiteko potentzialitatea handiena, unibertsitate-ikerketa baten arabera.
Sarri hitz egiten da herri txikiek izan dezaketen etorkizunaz. Edo etorkizunik ezaz, gehiago. Erruki kutsuarekin hitz egiteraino, kezkaz eta ezkortasunez ez denean. Goierrin ‘herri txikiak’ –2.500 biztanle baino gutxiagokoak kontsideratzen dira txiki– dira udalerrien %73. Nabarmen aldatu den eta aldatzen ari den munduan, zer etorkizun daukate bizirauteko? Zein beharrizan izan ditzakete? Eta erantzun beharreko hutsuneak? Galdera horiei erantzuten saiatu dira Jon Muñoa zeraindarra eta Andoni Eizagirre zarauztarra, Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako ikertzaileak hurrenez hurren, elkarrekin idatzi duten Herri txikiak aurrera: geroa auzolanetik liburuan (Zerainlab, 2025).
Auzolantzen izeneko ikerketa-proiektu zabalagoan, ikerketa soziologikoa egin dute, batez ere. Nagusiki, normalean erreparaten ez zaien gizartearen «dimentsio ukiezinak» aztertzeko. Balioak, jarrera, kultura. Lan akademiko gehienek jorratu ohi duten antropologia ikuspegi, etnografiko edo landa garapenaren arloez bestelako begirada eskaini diete herri txikiei. «Goierrin eta Gipuzkoako herri txikietan, konturatzen ginen marko akademikoetan planteatzen ziren gauzak eta errealitatean ikusten genituenak ez zetozela guztiz bat. Eta, aldiz, bazeudela beste elementu batzuk ukiezinak diren dimentsioetan, behar adina esploratu gabe zeudenak», azaldu du Jon Muñoa zeraindarrak. Esplorazio horretan, mundu akademikotik herri txikiei «ekarpen bat» egiteko asmoak borobildu du proiektua.
Ondorio bihurtu dute susmo bat: auzolaneko kulturan badaude herri txikien garapenerako erabilgarriak izan daitezkeen elementuak, gaur egun ere. «Herri txiki gehienetan, Goierrikoetan adibidez, azken 30 urtean aurreko 100 urteetan baino aldaketa handiagoak gertatu dira. Hori esatea astakeriatzat jo lezake norbaitek; maila materialari bakarrik begiratuta bai, herri txikien garapen materiala aurretik etorri zelako, bereziki 1970-80ko hamarkadetatik aurrera, eta 2000rako baliabide eta zerbitzu aldetik indartuta zeuden. Baina gizarte-aldaketa ikaragarri bat gertatu da: bertan jaioa ez den eta herriarekin harremanik ez zuen jende bat etorri da, beste kultura, bizimodu, eta batzuetan hizkuntza batzuekin. Bertan jaiotakoek ere jada beste bizimodu bat daramate. Hori dena aldi berean gertatu zen», ondorioztatu du Muñoak.
Hain justu, azpiegitura eta zerbitzuetatik harago aldatu dira herriak. «Kontua ez da gehiago edo gutxiago aldatu diren, baizik beste era bateko transformazioak gertatu direla, balio, kultura, bizimodu eta abarretan».
Auzolanaren kultura
Ikerketaren beste asmo bat, auzolanaren kontzeptua «argitzea» izan da. «Auzolan hitza oso gauza ezberdinei deitzeko erabiltzen da: elkarlana, boluntariotza, herri mugimenduei lotutako hainbat kontutan, praktika konkretu batzuei deitzeko… Ez da kontua hori epaitzea, konstatatzea baizik. Bereziki arreta jarri nahi izan dugu horren guztiaren oinarrian dagoen kulturan eta balioetan. Hori da, nire ustez, zentroan jarri behar dena. Auzolan kontzeptua erabiltzen dugu, baina auzolaneko kulturaz hitz egiten dugu normalean», gehitu du Muñoak.
Garai batean, behar batzuei erantzuteko auzolanean jarduten zirelako geratu da auzolana «praktika konkretu batzuei» lotuta, Eizagirreren aburuz. Eta auzolanaren gainbeheraren sentsazioak hor izan dezake sorburua: «Gaur egun praktika horiek ez badira egiten, ez du esan nahi auzolana agortu denik, baizik agian premiak beste batzuk direla. Praktika gauza bat da –auzolana zertan gauzatzen den–, eta auzolana zertan datzan, beste bat. Praktika horiek agortu diren heinean, auzolanak behera egin duela deduzitzeak arriskua dauka. Auzolanak ez du behera egin praktika batzuk desagertu direlako», ondorioztatu du Eizagirrek.
Pertsonak, beharrizan batzuei erantzun ahal izateko, ardurak hartzea eta erantzukizunez jokatzea da auzolana. Ez elkarlana bakarrik. «Guztion onaren bilaketa bat da. Hirugarren batzuen zain egon gabe, zerorrek ardura hartzen duzu, premia batzuk dauden heinean, eta guztiei on egin ahal izateko da».
Oraindik, garai bateko behar materialen hutsuneei erantzuteko burutzen zen auzolanarekiko atxikimendua sumatu dute herrietan egin dituzten solasaldi, inkesta eta ikerketa soziologikoetan. «Lehen ere Gipuzkoan herri txikietan azpiegiturak eta zerbitzuak garatu baldin badira, neurri batean garai hartan pertsona batzuek jarrera eta portaera batzuk zituztelako izan da», dio Eizagirrek. Baina ifrentzua ere hortxe topatu du auzolanaren kontzeptuak, arreta ia guztia maila materialari eskaini ostean: «Ez ote diegu arreta soilik ipini azpiegiturak eta zerbitzuak garatzeari? Ez ote dugu transmisio aldetik auzolanaren kultura deskuidatu?». Galderatik adina dute baieztapenetik. «Denborarekin, agian transmisioaren galera bat ekarri du. Hipotesi bezala planteatu ditugu debateak», ebatzi du Eizagirrek.
Liburuan landu duten diagnostikoak Gipuzkoako herri txikietako errealitateari begiratzen eta erantzuten diola ere argi utzi dute bi ikertzaileek. «Liburuko gauza asko Gipuzkoatik kanpo ezin daitezke orokortu».
Joera, negatibora
Ikerketa-proiektuan, herritarren sentipena eta iritzia jasotzea izan da jarduteko modua. Ikertzaileek eurek erantzun baino gehiago, jendeari galdetzea. «Tendentzia daukagu beti irakurketa negatiboak egiteko», dio Eizagirrek, saio horietan entzundakoei buruz. «Agian errealitate objektiboa hori da. Baina galdera ez da gizartea indibidualista den. Dakiguna da gehiengoak esaten duela gizartea indibidualista dela. Gaia berrartzen baldin bada eta eztabaida-taldeak eta solasaldiak egiten badira, jendeak animoak errekuperatzen ditu».
Auzolana unean uneko beharrei edo premiei arduratik erantzutea baldin bada, gaur egun herri txikietako beharrak zeintzuk diren galdetzen hasi beharko litzatekeela uste dute ikertzaileek. «Auzolanaren barruan ongi komunaren bilaketa bat badago, eta elkartasunaren printzipio bat. Baita besteei zor zaien zerbait ere, eta norbere mugaren aitortza bat, baserriko lanak norberak bakarrik egin ezin dituenean bezala. Eta badago derrigortzearen dimentsioa ere, zeren ordenantzak egiten ziren auzolana arautzeko», laburbildu du Muñoak. Gaur egunera ere ekar litezke puntu horiek. «Satisfazio pertsonal-komunitarioaz harago, zer gehiago artikula daiteke auzolanean? Hori berrasmatzeko dago, baina ulerturik konpromisoa ez dela beti borondatezko hutsa izan».
Eztabaida-taldeetan auzolana «gainbehera» doala iritzi orokortua baldin bada ere, horren parean jaso dute nahikunde interesgarri hau ere: gaur egun auzolan gehiago egin beharko litzateke. «Lehenaldia idealizatze horrek palanka modura balio dezake herrietan auzolanaren kontzeptuaren bueltan. Zeren auzolanaren kontzepzioa aspirazionala da herri txikietan bizi den jende gehienarentzat. Ikerketan ikusi dugu gehienek desiragarri dutela. Gero, bakoitzak zer konpromiso hartuko lituzkeen esploratzea beste kontu bat da jada. Baina, gutxienez, auzolanaren kontzeptuak indargune bezala badauka aurre begira palanka egiteko gaitasun potentzial bat», dio Muñoak.
Balioak, balio handienekoak
Tesi zentralean «elementu ukiezinen balioak» jarri dituzte: «Herri txikien garapenean, elementu ukiezinek dute aurrera egiteko potentzialitate handiena. Oinarrian guk jarraitzen dugun filosofia-eskolak aitortzen du pertsona bera bakarrik ez dela nahikoa, eta besteen beharra daukagula. Komunitatea edo auzoa da, familiaz harago, norbere asebetetzea lortzeko eta norbere existentziari zentzua emateko elementu ezinbesteko bat: beste pertsonekiko harremana», gehitu du Muñoak.
Eta hor dago ekin beharra, ikertzaileen arabera: herri txikiek «zentzurik» izango badute, komunitate-bizitza indartzeko behar bat daukate. «Eta horretarako, auzolaneko praktika baino inportanteagoa da auzolaneko kultura egotea; alegia, besteekiko ardura bat edukitzea.
Abiaburu abantailatsutik abiatuko dira, gainera, herri txikiak. Inkesten erantzunetan baieztatu dutenez, gaur egun izaera komunitarioko elementu gehiago daude bizirik oraindik herri txikietan. «Badago hor gihar komunitario bat, eta balio horiek ez dira desagertu. Beraz, herri txikiek gerorako indartze bat artikulatzeko, aukera bat ez ezik, zerbait erreala ere bada; hiriguneetan baino izaera komunitario, inplikazio eta besteekiko begirapen handiagoa dago», ikertzaile zeraindarraren arabera.
Azken batean, beraz, auzolanaren kontzeptuaren jiran ez dute irakurketa negatiborik egiteko arrazoirik aurkitu. Ezta ‘galtzen ari’ den hil-kanpairik jotzeko ere. «Gu saiatu gara esaten ‘hau da errealitatea, baina aukerak daude, eta potentzialitate bat dauka’».
Eskatze hutsetik harago, ardura
Balio ukiezinen subjektua pertsona burujabea da, bere burua besteekiko harremanean kokatzen eta ulertzen duena, eta ez bere buruarengan bakarrik arduratua. Burujabetzaren eta auzolanaren arteko lotura analizatu dute hor. «Lehendabizi, etxea bera da bere buruaren jabe. Zeure arduratik atera behar duzu etxea aurrera, hirugarrengoen zain egon gabe. Baina ez jokabide indibidualistarekin, batetik besteen beharra edukiko duelako, eta, bestetik, behar komunak ere badaudelako. Gaur egun, joera handia dago eskatzeko, edo ‘hirugarrenek egin dezatela’ esateko. Auzolanaren tradizioan, etxeak hartu behar du aurrera ateratzeko ardura, hasteko eta behin; eta inguruarekiko zorragatik edo kultura komunitarioagatik, auzolana besteekiko erantzunkizunean funtsatu, bestetik», azaldu du Eizagirrek.
Egungo herrenak onbideratzeko errezeta litzateke. «Izaera komunitarioko herritarrak bere erantzukizuna ez du %100 delegatzen zerbitzu gisa ordaintzen dituelako eta arauak betetzen dituelako. Badago horrez gaindi dagoen beste dimentsio bat, beste ardura-mota batekoa». Zerbitzu arloko beharrizanak gaur egun asebeteta egoteak ez luke gizartea eraman beharko joera nagusia eskatzekoa den egoerara, arduratik jokatzekoa baino gehiago. Adibide bat jarri du Muñoak, teoriaren argigarri: «Herrialde batzuetan, elurra egiten duenean, etxe parekoa kentzeko ardura etxe horretakoena da; han ere adinekoek ez dute kenduko, sasoikoek egiten dute. Hemen hala egin izan da; gaur elurrarekin ez dago beharrik, baina beste gauza batzuekin bai. Ardura hori errekuperatzea da kontua».
Estatua eta komunitatea
Auzolana berpizteko praktikak eta beharrizanak «probokatu» litezke. Eta eztabaidarako gaia utzi dute: «Herri txiki batean, kultur edo gizarte-ekitaldiak teknikariak antolatzen baditu; nola antolatuko ditu komunitateak, nolabait estatuak edo maila publikoak okupatzen baldin baditu gizarteko espazio guztiak eta antolaketa-moduak? Sistemarekin berarekin komunitatea hiltzen ari gara. Teknikaria baino gehiago, agian, komunitate-artikulatzaile teknikaria behar da». ■
Ikerketaren hondarreko ideiak
Ondorio izenez ez, baina ‘Herri txikiak aurrera: geroa auzolanetik’ ikerlanaren bukaeran «eztabaidarako» zortzi ideia jaso dituzte Muñoak eta Eizagirrek. Liburua eskatzeko: labzerain@gmail.com.
1.- Ekimenaren balioespena eta auzolanaren pertinentzia. Egungo gizartean auzi subjektiboez eta balioez hausnarketa egiteko beharra dago. Herri txikien etorkizuna pentsatzeko garaian ere interesgarria da. Auzolanak pertsonari eta pertsonen arteko harremanei buruz bestelako aukerak eta galderak planteatzen ditu. Gizartea berritzeko aukerakoa izan daiteke.
2.- Auzolanaren ulerkera ezberdinak. ‘Auzolana’ kontzeptuak kontzepzio eta ulerkera ezberdinak dauzka, hiru behintzat bai: bat, auzolan mota tradizionalak galdu edo ahuldu dira, egiten zen gizartea edo ekonomia aldatu den heinean; bi, gizarte antolaketa eta errealitate berriak izendatzeko ere ‘auzolan’ kontzeptua zabaldu da; hiru, auzolanaren dimentsio ukigarria (ekintzak) daude gehien zabalduta, baina dimentsio ukiezinean (kultura, balioak…) ulertze modu eta maila ezberdinak daude.
3.- Krisiaren ideia. Auzolana gainbeheran eta ahultzen joan den ustea zabaldua da. Administrazioak beharrizanen ardura hartu izana, herritarrek beren kabuz erantzuteko kultura higatzea, gizarteko balioen eraldaketa eta kultura politikoaren aldaketa, landa eremuko herri txikien (baserri giroa) bizimodu aldaketa eta gainbehera dira zioak.
4.- Auzolanaren aukera egungo gizartean. Gaur egun ere badaude beharrizanak, eta horiei erantzutetik berpiztu liteke auzolana, komunitateko sentimendua edo kidetasuna indartuta.
5.- Auzolana ekintza eta kultura. Auzolana ez da mugatzen une historiko zehatz batean egin izan denera. Portaera-jarraibide bezala irudikatzen da. Gaurkotasuneko antolaketa-modu bat izan daiteke.
6.- Auzolanaren ezaugarriak. Helburu orokor bati erantzutea; taldean gauzatzea; guztien ona; ekimena eta ekintza soziala. Ezaugarri batzuk behar dira.
7.- Auzolanaren balioak. Konpromisoa, balio soziala, burujabetza, baikortasuna, emozioa, ilusioa, komunitatea, borondatea, libertatea, beharrak konpartitzea, gizarte kohesioa…
8.- Auzolanerako beharrizanak. Bakoitzaren eguneroko arrunta gaindituz azaleratzen dira beharrizanak. Hirugarrenei laguntzera ireki behar da. Oinarrizko beharrak aseta dituen gizarte batean auzolana birplanteatu egin behar da.



