Sei ikasgela edo gutxiago duen eskolari deitzen zaio Eskola Txikia. Lau Eskola Txiki daude Goierrin: Gabirian (48 ikasle), Itsasondon (50 ikasle), Olaberrian (37 ikasle) eta Zerainen (10 ikasle). Eskola Txikien ezaugarri nagusia honakoa da: taldeak txikiak izatea eta adin ezberdinetako haurrak gela berean izatea. Eskola Txikietako ordezkariek diotenez, “gela berean zenbait adinetako ikasleak egonda, harremanak oso aberatsak dira, eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira”.
Herriarentzat garrantzitsua
Herri txikientzat oso garrantzitsua da eskola herrian bertan izatea, herriaren nortasuna barneratzen baitzaiei bizitzako lehenengo urteak herrian bertan geldituta. Herriari bizitza eta bizipoza ematen dio eta herritarrak herrian bertan gelditzera bultzatzen ditu, herriarekin identifikatzea lortzen delako.
Gurasoek ere lan handia egiten dute Eskola Txikien inguruan. Eskolako proiektuaren parte sentitzen dira. Eskolaz kanpoko jarduerak ere antolatzen dituzte gurasoek.
Gipuzkoan 26 eskola txiki daude eta elkarte batean biltzen dira. Gipuzkoako Eskola Txikien festa antolatzen dute urtero eta aurten, Abaltzisketan izango da, ekainaren 12an. Goierriko lau Eskola Txikiek ere harreman handia dute eta elkarlanean, harremanak sendotzeko eta Eskola Txikien garrantzia aldarrikatzeko, urtero, festa antolatzen dute.
Goierriko festa
Urtero, txandaka, Eskola Txikiak dauden lau herrietako batean egiten da maiatzan Goierriko Eskola Txikien festa. Aurten, Gabiriako Balantzategi eskolaren txanda izan da eta maiatzaren 7rako, arratsalde pasa ederra antolatu dute. Jarraian duzue egitaraua:
•16:30ean: Herriko plazan, bisitariei ongi etorria egingo zaie.
• Ondoren, arratsalde guztian zehar, lehaiketak, ‘Pantxika eta Txinparta’ ikuskizuna eta jarduera ugari izango dira.
• Amaitzeko, askaria izango da.
‘Eskola Txikiak geroaren bila’ abestia
Eskola Txikiek badute beraien abestia. Pirritx eta Porrotxekin batera 2008an grabatu zuten Zeraingo haurrek, irakasleek, gurasoek eta Zaldibiako haurrek. Jarraian dituzue ‘Eskola Txikiak geroaren bila’ kantaren hitzak:
Eskola txikiak
herri ta auzo,
geroaren bila
pausorikan pauso.Batzuetan hobea
izatea txiki
Daviden historia
edozeinek daki.Txepetxa bera ere
txorietan txikiena.
Polit askoa da
Inbidi(a)rik ez du(e)na.Eskola txikiak
herri ta auzo,
geroaren bila
pausorikan pauso.Baserri ta kaleak
denak loraturik,
eskola txikiak
badaude bizirik.Denok elkar hartuta
dezagun kantatu
txikia ez dezaten
inoiz ezkutatu.Eskola txikiak
herri ta auzo,
geroaren bila
pausorikan pauso.