‘Eutsi liburu bat!’ kanpaina jarri dute martxan uztail honetan Itsasondon. Liburuak herritarrengana gerturatu nahi izan dituzte eta horretarako, herriko gune ezberdinetan, era eta genero ezberdinetako liburuak jarri dituzte, bakoitzak gustukoa hartu, etxera eraman eta irakurtzeko. Ainara Urteagak, Itsasondoko Udaleko teknikariak, azaldu ditu kanpaina honen nondik norakoak.
Zergatik eta zertarako ‘Eutsi liburu bat’ kanpaina?
Udan liburutegira jende gutxiago gerturatzen da eta beraz, liburu gutxiago irakurtzen dira. Bestalde, denbora gehiago ere izaten dugu. Gure asmoa, liburutegia kalera ateratzea izan da.
Herritarrek zein lekutan aurkituko dituzte liburuak?
Udaletxean, Kaxintane tabernan, gaztelekuan, janari dendan, mediku etxean eta jubilatu etxean daude.
Zein liburu mota jarri dituzue aukeran?
Liburu desberdinak daude: eleberriak, haurrentzako ipuinak, aldizkari desberdinak. Euskarazkoak eta gaztelerazkoak jarri ditugu.
Toki bakoitzean zenbat liburu egongo dira?
Bakoitzetik 4 edo 5 liburu daude eta aldizkari batzuk. Aukeratutakoan zein eraman duten, orritxo batean apuntatu behar dute.
Zenbat denboran izan dezake liburua etxean?
15 egunez izan ditzakete eta gero liburutegira itzuli behar dituzte.
Jendeak zer nolako harrera egin dio kanpainari?
Oso egun gutxi da martxan jarri genuela eta ezin dut baloraziorik egin. Jendeari momentuz kuriositatea sartu zaio, gero ikusi egin behar erantzuna nolakoa den.
Liburutegira ez al da jenderik gerturatzen udan? Zergatik?
Neguan, mugimendu gehiago izaten da baina udan oso gutxi animatzen da jendea eta ikusten da liburu gutxiago hartzen direla. Agian, irakurtzea gustuko dugunontzat, uda, garai paregabea da irakurtzeko baina beste batzuk nahiago dituzte beste gauza batzuk egin.
Zuk zeuk, uda honetan irakurtzeko liburua aukeratu al duzu?
Bai pare bat baditut buruan. Toti Martinez de Lezearen ‘Veneno para la corona’ eta euskaraz Joseba Sarrionandiaren ‘Moroak gara behelaino artean?’.
Gustuko liburu bat?
‘Los buscadores de Conchas’, Rosamunde Pilcher-ena eta ‘Amaren eskuak’ Karmele Jaioren liburuak, azken honek, bereziki hunkitu ninduen.
Gustuko genero bat?
Gehienbat nobelak irakurtzen ditut baina egia esan, harrapatzen dudan guztia irakurtzen dut. Irakurle amorratua naiz.
Irakurtzeko zaletasunik ez duenari zer esango zenioke?
Liburuek ez dutela kosk egiten eta animatu irakurtzera. Eutsi liburu bat!