Etor Mendia
Epa Igor!
Izan diagu mugimendurik abuztuan, ezta?
Aita Santua dela eta bai zalaparta: otoitzak eskatzea baina eraginkorragoa ez al huke izango bidaia honetan xahututako dirutza guztia beharrean daudenei bideratzea? Eta zer esanik ez atzerritik etorritako ‘fededun’ guzti horiek gastatu ditena… Somaliara bideratu izan balute bertako arazoa konponduta! Gero krisiari errua botatzen ziotek, baina non dituk krisia eragitearen errudunak?
Kirolean ere zalaparta. Espainiko Itzulia Euskal herritik igaro behar duk aspaldiko partez. Tourra ere beste nazio batzuetatik normaltasunez igarotzen deken bezalaxe, ondo zegok goi mailako kirol ekitaldi bat gure lurraldean izatea, zaletu asko baigaituk. Hori bai, ez dadila inor ezer inposatzera etorri, errespetatu eta onartu dezatela gure izaera.
Futbolariak ere greban? Hauen agintariek ere ez al ditek akaso zerikusirik krisiarekin? Halere horiek aberatsak izaten jarraituko ditek eta erakunde publikoengan eroriko dek zuloak estaltzeko ardura. Eta Barça eta Madrid-ek eman dien ikuskizunari buruz zer? Hoiexek dizkiagu, nahi eta nahi ez, gure seme-alaben portaera eredu. Dopina ez dek kiroletik kanporatu beharreko ‘lakra’ bakarra.
Euskal Herriko hiriburuetako jaiak ere bazihoaztek bata bestearen atzetik, eta zenbaiten aurreikusten zien (edo desiratzen zien) anabasaren arrastorik kaleetan… Honen ondorio izan ote dek Martin Garitanoren inguruan sortu nahi izan dien zalaparta?
Eta azkenik, azaroaren 20-ari begira (eguna aukeratzen hasita bai esanguratsua!) akordio zabalik lortuko al ditek euskal alderdi abertzale desberdinen artean? Aukera hau ere pasatzen utziko al diagu espainiar konstituzio ukiezin hori zein errez aldatu daiteken ikusita?
Igor Bueno
Abuztua jun dek, Aita Santua ere bai, eta ez harritu @mikelayestaran kazetari ausartak Gadaffi bea atzemango balu datozen egunetan. Zenbat buru hainbat aburu, baina kasu! Tentuz ibili hadi!
Oraingoa ekonomia kapitalista basatiaren krisia duk eta uzten bazieagu gurekin nahi ditekena egingo ditek berriro ere. Izan ere, gogoratzen al haiz zer esaten zigutean aurreko urteetan? Hazteko, “hazi hadi txikia!” Eta horra! Hazi beharrean gizendu egin omen ginean nonbait. Geo sasoian jartzeko, errejimena komeni zitzaiguala, eta mesedez, gerrikoa estutzeko! Estutu eta estutu azken zuloraino, eta orain berriz galtzak jeisteko!
Alde batera utzi behar ez genizkian giza eta natura baloreak berreskuratu edo jai zeukeagu. Ezen, esaidak nor arraio ibili behar den delako Abiadura Handiko Tren horretan! Zezenketek baino etorkizun laburragoa dik tren horrek! Utikan datuak ezkutatzen dituzten politikariak eta utikan espekulatzaileen menpean dauden guztiak!
Udal hauteskundeak pasa berri dizkiagu, eta emaitzak hor zerek. Abertzaleak gutxi ginela sinestarazi nahi zigutean, eta hara, asko eta jator askoak! Hurrengo hauteskundeetan gehio eta hobeto! Baina beste horri etzaio ba okurritu hauteskundeak ni oporretan nagoenean jartzea! Oain lendakaritxoa falta dek hauteskundeak aurreratzeko. Ezen, hunuzkeo ohartu dek bere eskumuturreko PowerBalance delako horri pilak agortu zaizkiola eta esateko ezer gutxi duela, batez ere euskaraz, noski, klaseetara joaten ez bada! Eskumuturreko hori eramanagatik ere, politikaria ez dek kirolari! Greba eginagatik ere, futbola ez dek Jai Alai! Eta Espainiko txirrindulari itzulia hemendik pasatzeagatik ere, gurea ez dek!
Bilboko festatan jokatutako guante laxoa erakustaldi partida, hori bai gurea! Alde batera utzi behar ez genizkian euskal jokoak ere berreskura ditzagula.