Haur nahiz gaztetxo askoren artean aspalditxotik asko zabaldu den forma batez hitz egingo dugu gaur: Joaten gara zinemara?, Etortzen zara nirekin?, Egiten diogu oparitxoren bat?, Jolasten zarete gurekin?
Ez dira inolaz ere egokiak. Izan ere, joaten, etortzen, egiten, jolasten… formek ohitura adierazten dute: Igandero joaten gara zinemara, egunero etortzen zara nirekin eskolara, Joxeri martxoaren 19an egiten diogu oparia, arratsaldero egiten duzue jolas haiekin…
Nola esan, beraz, baimena, aholkua… eskatu nahi dugunean? Bada, beti esan eta entzun dugun moduan, alegia: Joango gara zinemara?, Etorriko zara nirekin?, Egingo al diogu opariren bat?, Egingo al duzue jolas gurekin?
Beraz, badakizue, zuen ingurukoek, zuen seme-alabek, edo zuk zeuk gaizki erabiltzen baduzu, zuzendu, euskararen onerako izango da eta!
ZUZENDU, BEHAR IZANEZ GERO…
1. Ampo-Ordizia rugby-taldea ikustera joango al gara bihar?
2. Maiz etortzen al dira australiarrak Euskal Herrira aizkoran aritzera?
3. Aurrerantzean hamabostero izango dugu bilera.
4. Elkarteko bilera hilero izaten dugu.
5. Hara! Josune Bereziartu eskalatzailea dago taberna horretan. Eskatzen diogu autografo bat?
6. Horrela jokatzen jarraituz gero, urtero izango ditu arazoak Realak.
7. Idazle horrek beti izaten du tartetxoren bat kazetarien galderei erantzuteko.
8. Hi, neska, ni prest naun. Eiten al diñau?
9. Hitzetik hortzera esaten ditu biraoak Goikoetxea baserriko Antoniok.
OHARRA: Erantzun zuzenak hurrengo Goierritarran.