Iñaki Apalategi, Asier Sasieta, Iban Urdangarin, Gorka Maiz, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta Joxe Munduate
Gipuzkoako Bertsolari txapelketak berriro ekin dio bideari. Udaberrian kanporaketa saioak jokatu eta lehenengo galbahea pasatu ondoren, Gipuzkoako 42 bertsolariren artean dago jokoan txapela. Final zortzirenak jokatuko dira urriaren 9ra bitartean. Abenduaren 18an jokatuko da finala, Donostiako Ilunben.
Maiatzan hasi zen Gipuzkoako Bertsolari txapelketaren lehen fasea. 60 bertsolari aritu ziren bertan. Taldea txikituz ari da pixkanaka eta bigarren fasean 42 bertsolari arituko dira taula gainean. Abenduaren 18. eguna, Donostiako Ilunbe dute amets. Ilunbeko geltokia harrapatu nahian, 7 bertsolarii ari dira.
Final-zortzirenak
Goierriko bertsolari dagokienez, Endika Igartzabal gabiriarrak, Julen Agirre eta Ainhoa Mujika beasaindarrek, eta Odei Lopez legorretarrak, lehenengo fasea ez zuten pasatzerik izan. Zorte hobea izan zuten Iñaki Apalategi beasaindarrak, Asier Sasieta itsasoarrak, Iban Urdangarin ataundarrak eta Gorka Maiz gabiriarrak, final zortzirenetarako txartela lortu baitzuten.
Talde honi, beste hiru bertsolari ere gehitu behar zaizkio: duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetan parte hartu zuen Joxe Munduate ataundarra, eta finalean parte hartu zuten Aitor Sarriegi beasaindarra eta Iker Zubeldia zegamarra.
Goierrin bi saio
Txapelketaren bigarren fasa honetan, final zortzirenak pasa den asteburuan hasi ziren. Asteburu honetan, igandean, irailaren 25ean, Lazkaon izango da final zortzirenetako laugarren saioa. Areria kultugunean izango da saioa, arratsaldeko 5,30etan. Unai Muñoa, Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso, Beñat Iguaran, Iban Urdangarin eta Adur Gorostidi arituko dira.
Beste saio bat ere izango da Goierrin: urriaren 30ean, Idiazabalen, Igarondo pilotalekuan.
Gai jartzaileak eta epaileak
Bertsolariez gain, izango da beste goierritarrik Gipuzkoako txapelketan, beste lan batzuetan. Epaile taldean Martin Aramendi eta Iban Sukia ataundarrak arituko dira bertsolarien jarduna neurtzen. Gaiak jartzen berriz, Inazio Usarralde eta Irati Arrieta lazkaotarrak, eta Beasainen bizi den Imanol Arabaolaza.
Sarrerak interneten
Saioetara joateko txartelak internet bidez erosteko aukera izango da gpuntua.com webgunean, saio bakoitza jokatuko den astean zehar; Internetez saldu gabe gelditu diren sarrerak bakarrik salduko dira leihatilan. Beraz, internet bidez denak salduz gero, leihatilan ez da sarrerarik erosteko aukerarik izango.
2007ko finala
Duela lau urteko Donostiako Ilunbe zezen plazako finalean bi goierritar izan ziren, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia. Memoria freskatzeko, hone hemen duela lau urte, Gipuzkoako Bertsolari txapelketa jokatu zuen zortzikotea, lehenengotik zortzigarrenera: Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Iker Zubeldia.
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa fasez fase
Final zortzirenak
- Irailaren 17tik urriaren 9ra.
- 42 bertsolari (32 bertsolari lehen fasean sailkatuak eta 2007ko finalerdietan izan ziren 10 bertsolari).
- Zazpi saio izango dira eta 24 bertsolari pasatuko dira final laurdenetara.
- Goierriko bertsolariak: Iñaki Apalategi, Gorka Maiz, Asier Sasieta, Iban Urdangarin eta Joxe Munduate.
Final laurdenak
- Urriaren 22tik azaroaren 6ra.
- 30 bertsolari (final zortzirenetetatik pasatutako 24 bertsolari eta 2007an finala jokatu zuten 6 bertsolari).
- Bost saio izango dira eta 18 pasatuko dira finalaurrekoetara.
- Goierriko bertsolariak: Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia (gehi, final zortzirenetan aurrera egiten dutenak).
Finalaurrekoak
- Azaroaren 26tik abenduaren 4ra.
- 18 bertsolari. Hiru saio.
Finala
- Abenduaren 18an, Donostiako Ilunbe zezen-plazan.
- 8 bertsolari.