- Dionisio Amundarain
Goierritarra-tik iritzi-artikulua eskatu didazue. Zertaz idatzi? Ez noa titulurik ezartzera, lantxoa bukatu arte.
Zertaz idatzi? Gero eta zailagoa benetan. Hain adin handiko batek zer esan?
Ba, bihoa, nahas-mahas bat izango bada ere.
Oso zail gertatzen zait askotan hango edo hemengo artikulu bat osorik irakurtzea; ez beti, bai askotan. Orobat zenbait solasalditan parte hartzea ere, aktiboki nahiz pasiboki. Zergatik? Oso arin idazten da askotan, oso arin hitz egiten. Gauzak bere osotasunean hartu gabe, gauzak bere lekuan –testuinguruan, esaten dute adituek– jarri gabe. Eta ausartzen bazara esaten «Nolatan onartu dute artikulutxo hori halako egunkarian», gainean duzu erantzuna ezpain txorrots: adierazpen-askatasunagatik.
Hori horrela bada, diot neure baitan, jokatzeko askatasunagatik dago hainbat eta hainbat jende preso. Izan ere, adierazpen-askatasun hori bezala, hala jokatze-askatasuna ere. Indarraren arrazoia. Nola konpondu korapiloa?
Klitxeak klitxe dira, eta besterik ez. Barrua da garrantzizkoa. Barrua ikusteko, pentsatu egin behar. Pentsatzeak aberastasun handia ekarri ohi du.
Niretzat, adierazpen-askatasuna ez datza edozer gauza esan edo idatzi ahal izatean. Hori baino seriosagoa da. Gipuzkoan sortzen den zaborrarekin zer egin aztertzen ari dira (hala izango ahal da!, aztertuko ahal dute, politikerian gelditu gabe); bada materiala –organikoa nahiz beste– ez den zaborrik gure egunkarietan, gure irratietan, gure telebistetan, gure solasaldietan… Zer pena denbora-pasa edo lasaitze aldera eseri eta zirtzilkeria hutsa besterik ez izatea ikusteko edo entzuteko! Askotan, ez beti. Eta pentsatzen jarri eta zer-nolako gizartea ari gara egiten?, galdetzen diozu zeure buruari. «Terroristen» indarkeriaz hitz egiten dutenen kasuan bezala; zein indarkeriaz ari dira? Somaliakoak arrantzaleen kontrako indarkeriaz ari omen dira? Terrorista madarikatuak! Baina zeri ari zaizkio aurre egiten Somaliakoak, legeztatutako indarkeriari ez bada? Nazioarteko urean ari omen dira. Somaliatik hainbeste kilometrora. Eta? Zeinek erabaki ditu erabaki horiek?
Bai. Benetan arinkeria da asko gure artean. Eta arinkeriak ezin izan beste fruiturik arinkeria ez bada. Indarkeriak, legeztatuena izanik ere, ezin ekarri indarkeria baizik. Zaborrak ezin sortu zaborra baizik. Eta zaborrari adierazpen-askatasuna deitzen zaionean…
Duela gutxi entzun nion goizeko irratian solaskide bati, hitza eten ziolako-edo, beste bati esaten, hitzez hitz ez bada ere: hemen ez du balio elizan erretorearena egiteak. Beno. Bilboko Kukutza sonatuaren auziaz ari ziren. Benetan txundigarria iruditu zitzaidan beste bat elizako erretorearena egin nahi izateaz salatu zuen Andoni Unzaluren arrazoiketa; ez zidan ezer ere argitu Kukutzarena. Ezta, bestalde, salatua izan zenarenak ere. Ezta beste askorenak ere, adibidez, gaurko GARAn (2011-09-26) Ramon Zallok dakarren «Kafka en Kukutza» delako artikuluak ere.
Eta joan den igandekoa (2011-09-25) GARAN! Donostian Parte Zaharrean gazte batzuk azken hogei urtetan hutsik zegoen etxe bat okupatu omen, eta «Goizean, eraikinera iritsi orduko, Herrizain batzuek halakorik ez egiteko aholkatu zieten, eraikina baldintza txarrean zegoelako. Donostiako Udaleko jende bat hurbildu zen. Gazteek segurtatu zuten barneak garbitu behar handia duela, baina egitura egonkor dagoela» (itzulpena nirea). Galderatxo edo beste otu zait: Bat. Nire aipu horretako bigarren esaldiko jendeak zer esan zien gazteei: eraikina baldintza txarrean dagoela? Batetik, ez da ezer argitzen; bestetik, badirudi, nire aipuko hirugarren esaldiaren arabera, hori esan ziela Udaleko jendeak ere. Bi. Gazteek diotenez egitura egonkor badago, nolatan diote besteek egoera txarrean dagoela; soilik, zikina dagoela?, egitura gaizki dagoela? Ezin ezer garbi atera. Ez ote eman behar albisteak argixeago? Nolanahi den, zer egin edo zer egin behar du Donostiako Udalak okupatua den etxe batekin? Kukutzarena? Albisteak horrela, airean, uzteak ez du ematen zaborra ez beste zerbait denik.
Eta gobernukide batena soilik aipatzeko, balegoke mila gauza antzeko, Aresena. Presoen taldearen izenean ordezkariek Gernikako akordioa sinatu dutelarik, askok dio aurrerapauso handia izan dela, eta Espainiako Gobernuari legokiokeela hurrengo pausoa ematea. Eta Ares-ek: «Izango da horretarako astirik!» Lurrunean igeri ikusi nuen neure burua, lurra hondoratu bailitzaidan. 800 herri-lagun eta ahaide eta lagun berenak eta bost jasaten urtea joan urtea etorri eta, a zer gizatasunezko ateraldia!
Ez da, ordea, dena zaborra. Bada atseginez irakurtzekorik eta entzutekorik. Besteak beste, joan den igandean gertatu zitzaidana: askotan bezala jendaurrean jardun ordez, jendearen artean entzule eta ikusle. Poz eta atsegin ederra!
Hasieran bukaerarako utzi dut lerrokada honi titulua ezartzearena. Bukatzean, hobeto iruditu zait lan hori balizko irakurlearen esku uztea.