«Ezin naiz kexatu, nik nahi izan dudan tokietan izan naiz»
Orain dela ia 20 urte, 2007an, Ordiziatik Bilbora joan zen Peio Calvo (Ordizia, 1986). Urtebete geroago, Londresera joatea erabaki zuen, eta 2021etik –pandemiak eraginda– Kalifornian bizi da, Silicon Valleyko Sunnyvale-n kokatuta, San Frantziskotik 40 minutura. Gaur egun sukaldari exekutiboa da hotel batean.
Ordiziatik Bilbora, eta handik Londresera. Zergatik joan zinen?
Bilboko esperientzia oso ona izan zen arren, zerbait gehiago behar nuela sentitzen nuen. Oso ondo bizi nintzen, alde zaharrean eta lana etxetik 5 minutura nuela. Baina Londres hiria ezagutzen nuen, eta han turista bezala egondako denboran konturatu nintzen aukera mordo bat zeudela sukaldari bezala lan egiteko. Nire arazo nagusia zen ingelesa ez nuela oso ondo hitz egiten, eta ez nuela inor ezagutzen Londresen. Baina, hala ere, hara joateko erabakia hartu nuen, inongo lan eskaintzarik gabe eta Picadilly Circuseko ostatu batean logela bat erreserbatuta, behintzat nonbait lo egiteko, lana eta etxea bilatu bitartean.
Zorionez, lehenengo astean, Nacho Manzano Michelin izarra duen sukaldaria jatetxe berria irekitzen ari zen Oxford Circusetik oso gertu, eta lana eskaini zidan. Orduan hasi zen nire abentura. Jatetxe eta hotel desberdinetan ibili nintzen lanean, besteak beste Jamie Oliver-enean, Ingalaterrako Karlos Argiñano denarenean.
Eta Kaliforniara, zer dela eta?
Kaliforniara joateko aukera Covid pandemiari ‘esker’ azaldu zitziaidan. Hilton hotel batean lanean ari nintzen garai hartan, baina egoera, mundu osoan bezala, okertu egin zen eta denok etxera joan ginen. Hotel horretan 500 edo 1.000 pertsonarentzako banketeak ematen genituen, eta 40 sukaldari ginen. Jakina zen denboraldi luze baterako lanik gabe egongo ginela. Hilabete batzuk pasa genituen ezer egin gabe, eta azkenean beste hotel batean hasi nintzen lanean. Baina berriz ere dena kolapsatu zen, eta berriz ere etxera joan ginen. Egoera hori niretzat jasangaitza zen, eta lagun batek esan zidan Silicon Valleyn jatetxe talde bat jende bila zebilela. Emazteari iritzia eskatu nion, eta ea ados zegoen hain urrutira joateko. Baietz esan zidan, eta asko pentsatu gabe, lanerako aplikatu nuen. Konturatzerako Kalifornian geunden gure bizitzaren etapa berri bat hasten.
Sukaldari exekutiboa zara. Atleta askorekin topo egiten duzula diozu.
San Jose Sharks hockey taldearen eta San Jose Earthqueakes futbol taldearen aurka jokatzen duten NHL ligako talde guztiak eta MLS ligako talde gehienak guregana etortzen dira. Taldeez gain, San Josera datozen artista gehienak guregana etortzen dira, baita beste bezero VIP batzuk ere; pentsa, Gipsy Kings, Hombres G, Mana, Marc Anthony eta horrelako artistak izaten ditugu hemen.
Nolakoa izan da zure bizitza han egokitu arte?
Ezin naiz kexatu, nik nahi izan dudan tokietan izan naiz, eta nik erabaki ahal izan dut non lan egin eta non bizi. Noski, momentu txarrak eta hobeak izan ditut; ezagutzen ez duzun herrialde berri batean zaude, bakarrik, inongo laguntzarik gabe… Eta 2008an ez zegoen gaur egungo teknologiarik familiarekin komunikatzeko. Aukera bakarra daukazu: esnatu, eta ahalik eta azkarren integratu zauden lekuan. Baina, orokorrean, oso zortedun sentitzen naiz, inoiz imajinatuko ez nituen uneak bizitzeko aukera izan baitut. Beti sukaldari bezala egin dut lan, eta horri esker mundu osoko jendea ezagutu ahal izan dut. Londresek bizitza modu batean ikusarazi zidan, eta jendearekin enpatikoa izan behar dela ulertarazi zidan. Beste kultura bat ezagutzen denean, bizitzaren ikuspuntua zeharo aldatzen da.
Nolakoa da egunerokotasuna?
Kalifornian jendea nahiko lanpetuta ibiltzen da astean zehar. Gehienek bi lan dauzkate; dolarra da nagusia, eta denek dakite dirua lortzeko lana egin beharra dagoela. Hemen ez duzu ikusiko pintxo-poterik edo poteorik, ez dira tabernaz aldatzen, han bezala. Hemengo herriek ez daukate Ordiziaren edo Euskal Herriko herrien arima, ez dituzu plaza nagusi asko ikusiko. Jendeak nahiago du etxean geratu eta bertan antolatu barbakoa edo lagunen bilera. Eguraldia ikusgarria da, urte osoan eguzkia daukagu. Baliteke urtean hamar egunetan euria egitea, eta neguak oso epelak dira.
Txirrindularitza zalea zara. Kalifornian bada zaletasunik?
Txirrindulari izan naiz, amateur kategoriara iritsi nintzen, eta oraindik bizikleta-zaletasunak irauten dit. Kalifornian zaletasun handia dago, eta entrenatzeko errepide seguruak eta zoragarriak daude; Santa Cruz mendilerroak malda amaigabeak eta paisaia izugarriak ditu.
Asko bidaiatu duzu?
Ahal dudan guztia. Europan, herrialde gehienetan ibilita nago. Thailandia, Kanbodia, Maroko, Egipto, Japonia, Sri Lanka, Argentina, Costa Rica, Errusia, Turkia, eta orain Estatu Batuetan ahal ditugun estatu gehienak bisitatzen ari gara emaztea eta biok. Hawaiik zerbait berezia dauka, hiru aldiz joan gara jada eta beste behin joateko asmoa daukagu.
Euskal komunitaterik badago?
Boisen euskal komunitate handia dago. Han dago orain dela hiru urte sortu genuen Realzaleen Txuri-Urdin Amerikanuak taldearen bilgunea. San Frantziskon Basque Cultural Center daukagu, frontoia ere badauka. Beti zerbait antolatzen dute, kontzertu zein bestelako ekitaldi kulturalak Euskal Herritik ekarritako jendearekin. Komunitatea ez da Boisekoa bezain handia, baina oso lan ona egiten dute euskal kultura bizirik mantentzeko.
Etortzen zara Goierrira?
Saiatzen naiz urtean behin Goierrira joaten, baina nire emaztea Letoniakoa da, eta hango familia ere bisitatu beharra dago. Iaz, zenbait sukaldaritza lehiaketa nituela-eta, ezin izan nuen familia bisitatzeko planik egin. Mexiko eta gero Valladolideko Munduko Tapa Txapelketarako sailkatu nintzela eta, behintzat txapelketa amaitutakoan bi egun etxera joan ahal izan nintzen.
Itzultzeko asmorik ba al duzu?
Gaur egun, Kalifornian nago, eta oso gustura. Emaztea ere oso gustura dabil. Ez nuen inoiz pentsatuko hemen egongo nintzenik. 5 urte luze pasa dira, eta etorkizunak gordeta zer daukan ez dakidanez, ezingo nuke esan inoiz itzuliko ez naizenik. Baina, momentuz, ez dut bueltatzeko asmorik. Bisitan beti joango naiz, hori seguru. ■
