Iribeko ermita 400 urtez Lazkaoko ezezagunena
Lazkaoko eraikin eta tenplu erlijioso ugarietatik ezezagunena Iribeko San Joan Bataiatzailea ermita izango da, ziurrenik. Zubierreka auzoan, Iribeaundi etxearen aurrean dago. Urtean behin bakarrik zabaltzen dute orain, San Joan egunean meza ospatzeko. XVII. mendean eraikitakoa da, eta 400 urte inguru ditu.
Juan Garcia Ariztizabal eta Arramendi kapareak eraiki zuen San Joan ermita, bere jabetzako Iribe oinetxearen aurre-aurrean. «Indietan» ibilia zen Ariztizabal, bere hitzetan Miguel Eztalaren zerbitzura egon zen San Salvador hirian. Amerikak eginda, Trinidaden hartu zuen etxerako itsasontzia, berekin hamabi kaxa anil zekartzala. Gaztelan saldu, eta Granadan zor batzuk ordaintzeko erabili zuen dirua.
Gipuzkoako nobleziako kidea, Goierriko etxe aberatsetako batekoa zen Ariztizabal. Ondasun, jabetza eta eskubide asko zeuzkan Iribe etxeak. Juan de Arramendi aitaren aldetik zetozkion batzuk, eta Ana Garcia de Ariztizabal eta Iribe amarengandik besteak. Flandrian ere ibilia zen –Gaztelako Koroaren meneko soldadu edo administratzaile ziurrenik–, eta hango koadro batzuk zeuzkan Donostian, baita Anberesen kobratzeko zor batzuk ere.
Iribe etxean, ohean gaixorik, 1650eko urtarrilaren 23an egin zuen testamentua. Iribe oinetxeaz gain, bereak ziren Itsasoko Ariztizabal etxea eta maiorazkoa, Zumalakarregi baserriarekin; Alacant hiriko «tiraje eta barkaje errentak», Ordizian eliza ondoko Iribe Etxea eta Otatza baserria, Lazkaoko Perueizagirre, Iribe Txipi, Olaetxea, eta Zufiria auzoko Etxetxo eta Kapagindegi baserriak.
San Joan ermita, bukatzeko
Testamentu horretan, ama izendatu zuen albazea –1656an hilko zen ama–, eta Maria Ignacia Ariztizabal eta Arramendi arreba utzi zuen Iribeko jaunak oinordeko unibertsaltzat. Ondasunak zerrendatzerakoan, Iribeko ermita aipatu zuen. «Nik eraiki dut etxe honen aurrean ermita bat, San Joan Bautistari eskaintzeko intentzioarekin. Bukatuta gelditzen da, atea eta leihoak jartzea, aldarea jartzea eta edertzea izan ezik. Buka dadila agintzen dut, eta mezaren sakrifizio santua ospatzeko beharrezko dotoreziaz amaitzea eta jartzea. Apaingarriak eta bestelako adornuak etxean daude, eta betiko manten dezatela nire oinordekoek», idatzi zuen Ariztizabalek.
Gipuzkoan jabetza pribatuko ermita bakanetakoa izan da San Joan Bataiatzailearean. Iribetarren armarria dauka atalburuan. Aldarean, San Joanen eta Pilar amabirjinaren koadro bat dago.
Garai hartan (1650) ariko ziren Lazkaon San Prudentzio ermita handitzen edo berregiten ere. Haren «fabrikarako» dirua utzi zuen Iribeko nagusiak. Maria Ignacia Ariztizabalek, nahiz Idiazabalgo bizilaguna izan, Iribe jauretxekotzat zeukan bere burua. Hark ere San Joan Bautista ermitan urtero meza bat esateko eskaria utzi zuen, 1694an. ■

