Ordiziako dantza-maisuen oinordetza ezkutua
Izaro Intsausti • Dantzaria
Dantza pasioz ikertuz 25 urtetako lana argitaratu zuen Mikel Sarriegi beasaindarrak 2023an (Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburua) eta lan horren inguruko hitzaldi interesgarria eman zuen Ordizian dantza asteburuaren barnean.
Lanean Ordiziak izan duen pisua nabarmena izan da. Ezin ahaztu lan honen guztiaren pizgarri izan zen eta orain bi urte zendu zen Joxealberto Andres Zurutuza etnografo ordiziarra, berak animatu baitzuen Sarriegi lan honi ekitera.
Sarriegiren hitzetan, aspaldidanik dago dokumentatua Ordiziako dantza tradizioa. XVII. mendean agertzen dira dantzarien lehen aipamenak eta gerora ere ugariak dira bertako dantzen bilakaeraren berri ematen duten datuak. Ezpata-dantzak, esku-dantzak, brokel-dantzak, eta abar ezagutu dira azken 400 urteetan, gutxienez.
Joxe Antonio Olano dantza-maisu zaldibiarra ordiziartu zenetik aurrera, XIX. eta XX. mendeetan zehar, Gipuzkoako dantzen hedapen-gune nagusia bihurtu zen Ordizia. Oso oparoa izan den dantzarien eta dantza-maisuen zerrenda sortu eta hedatu zen inguruko eta Euskal Herriko hainbat txokotara: Jose Gregorio Armendariz, Antonio Lekuona, Frantzisko Olaran, Justo Irastortza, Joxe Lorentzo Pujana, Jose Sarasola, Faustino Etxebarrieta, Jesus Mari Garate…
Hitzaldiko lehen zatian, Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza horren ezaugarri nagusienak aurkeztu zituen. Ondoren, joan den mendean Ordizian ezagutu eta erabili zen dantza-sistema, ahal den neurrian, aurreko horren testuinguruan nola kokatzen den azaldu zuen. Eta jarraian, modu praktikoan erakutsi zituen azaldutako egikera horiek.
Altxor bat jaso du bere argitalpenean Sarriegik. Altxorra ezagutu eta praktikara eramateko urratsak egin ditzagula! ■
