Aitor Sarriegi
Lanak
Lanak, bai, edo Jobs. Lanak dizkiat Steve Jobsen heriotzak (heriotza beti dek berri txarra) mundu osoan, eta gure txiki honetan ere, sortu duen zalaparta ulertzen. Iphone edo Ipad berriekin negarrez jainko txiki berriaren tenploetara joaten ikusi diat jendea telebistan, eta gure etxean sartu zen Macintosh Plus zaharrarekin gogoratu nauk, oraindik orain munduko idazmakinarik onena izaten jarraitzen dik. Bakoitzari berea, eta ez zioat ukatuko merkatua irakurtzen asmatu izana, erosleei behar berriak sor arazi dizkien gizona izan dek, eta bere gailuak erosiz gainera pribilejiatu senti arazten ere asmatu dik. Ia ia elite bateko kide, amigo.
Bisionarioa izan dek, gainerako lurtarrok ez daukagun seigarren edo zazpigarren zentzu batekin edo, etorkizuneko beharrak irakurri dizkik, eta jendearen eskura soluzioak jarri. Ez dituk bakarrak ordea. Eta kasu batzutan ezta onenak ere; bai erakargarriak, politak, oso onak, baina ez bakarrak eta ez nahitaez onenak (hori sinets araztea ere lortu dik). Gure bezalako hizkuntza txiki batek ezinbestekoa dik gurdi horretara igotzea, eta alde horretatik kolonialista hutsa dek Appleren jarrera. Bere produktuak ez euskaratzeaz gain jadanik euskaratutakoak erabiltzeko baimena ukatu zian bere garaian; teknologiaren Einstein deitzen dioten honek jakintza itxi eta ordainpekoaren aldeko apustua egin dik, gizarteari eskaini ordez kobratu egin ziok eta erabiltzeko eskubidea soilik aitortu. Pausuak inportanteak dituk, baina ez norabidea baino gehiago.
Guk, bitartean, librexeago funtzionatzen dugunok, badizkiagu udazkenean bestelako lanak. Ari al haiz hireak egiten?
Iñaki Apalategi
Iepa Aitor!
Guk ere badizkiagu lanak, bai. Guri ordea, ez txapelketan ez saioetan, besteek asmatutakoak hartu, moldatu eta jendeari birsaltzea ez duk bisionario izatea. Azeria, argia… izatea bai agian, eta horrek ere badik bere meritua, ezin duk hori ukatu. Ordainpeko jakintza ere baduk gurea askotan (askotan ez), eta ni ez nagok horren aurka, askotan dek dirua motibazio iturri bat (iturri bat batzutan, iturri bat gehiago beste batzutan, eta bat ere ez beste batzutan; egiten ari haizenarekiko duan enpatia eta konpromezuaren arabera).
“Airetik ezin dek bizi” esaten ditek batzuek, eta egia duk, baina besteak airerik gabe uztetik ere ezin duk bizi, eta horixe duk jakituria itxia. Ez diat Galileo imajinatzen geozentrismoa okerra zela deskubritu zuenean, ezagutza berria aditzera eman ordez, mareen taulak aurreikusten ditian enpresa bat sortu eta bertatik bizitzen, zerura begiratze hutsa ere patentatuz, beste inork ez dezan berak ikasteko aukera izan duen hura ikasteko aukerarik izan. Gaur egun Jobs santuak bezala, besteek ez jakitetik bizi nahi dik jendeak, haiek jakitetik bizi beharrean. A ze bisionarioa begiratzen uzten ez diana, ezta?