
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Idazlea
Jarri naiz ume lapurtuen tramako pertsonaien larruan; posible balitz, ulertzeko. Haurdun dagoen emakume bat artatzen duen ginekologoak bere asmo ezkutuetarako biktima atzematen du bere kontsultan, demagun neska gazte ezkongabe bat dela, edota familia ugaria duen adineko emakume xumea. Erditzen lagundu dion medikuak jakinarazten dio umea jaio eta handik gutxira hil dela. “Hala hobeto –esan diezaioke– ez zen aurrera aterako; malformazioak zituen”. Esan diezaioke baita ere: “Inkubagailuan erre egin zaigu”, edota: “Bularreko esneaz gaixotu eta hil egin da”. Gertatutakoa jakindakoan, “Jainkoaren nahia izan da” esango du beharbada senarrak, izatekotan. Pena arintzeko, erizainak –moja ere izan daiteke– gehitu ahal izango du ahots-ikararik gabe: “Hobe duzu umea ez ikusi” eta, agian, klinikako arduradunen batek senar-emazteei hileta antolatzeko erraztasunak emango dizkie. Segidan, funtzionarioren batek emango dio haur lapurtuari deitura faltsua Erregistro Zibilean. Eman dezagun hori guztia Itsasondoko etxe batean gertatu zela duela hogeita hamabost urte.
Izugarrikeria honen motiboak pentsatzen hasita, baten batek esango du dirua beti izan dela nahikoa arrazoi, ankerkeriarik handienak egiteko eta ametitzeko. Baina kontzientzia ez da erraz isilarazten. Beraz, pentsatzen dut gaizkileek zuribideren bat topatuko zutela euren kontzientziak mututzeko. Bat izan daiteke umearen nahiz amaren mesedetan ari zirela; bi, zenbait emakumeren arinkeria zigorrarekin ordaintzen dela. Eta guztiek izango dute, gainera, bultzatu dituen ideologiaren bat, sinesmenen bat, konbentzimenduren bat.
Guraso berriek jaso dute haurra etxean. Donostiarrak dira. Emazteak izan dezake gertatutakoaren berri, edo ez, edota akaso, behin haurra besoetan hartuta, ez du jakin nahi izango. Erosketak balio du garaiko bi etxebizitza adina. Igual izango dute nahikoa diru, edota zorpetuko dira bizitza osorako. Senarrak emazteari dion maitasunagatik ekarri du umea, baita errudun sentitzen delako ere. Emazteak maite zuen haurra besoetan jarri aurretik ere. Miren izenaz bataiatu dute. Auzoko erretoreak ez du galderarik egingo, bere egitekoa agiri ofizialek diotena berrestea da, badakien arren, Doloresek ez duela haurrik erditu. Berak ezkondu zuen eta, aitorlekuan esanda daki senarra antzua dela. Eugenio eta Dolores, edozein modutan, bikote eredugarria da, eta merezi zuen zoriontasun hori. Maitasunaren izenean ere ez-egiteko asko egin daitezke.
Miren Gasteizen bizi da gaur egun Andonirekin. Duela gutxi jakin du haurdun dagoela. Zoriontsu dago. Doloresi malkoa atera zaio amona izango dela jakitean. Eugeniok bihotz-zimiko bat sentitu du bularraldean. Doloresek eskerrak ematen dizkio Jainkoari Mirenek ez duelako berea bezalako trantzerik bizi behar izan. Mirenek bere haurdunaldiaz hitz egiteko eskatzen dio amari. Aurreneko haurdunaldia du eta beldur asko ditu. Doloresek ez dio inoiz esan ez zuela erditu. Adoptatua zela esatea bururatu zitzaion, baina beldurrak ez zion utzi.
Dolores, azken boladan, ez dago ongi. Ume lapurtuen auzia komunikabideetan dagoenetik kezka, beldurra, zalantza eta damua nagusitu zaizkio. Eugeniorengan egonezin berbera igarri du. Miren asaldatuta dago Itsasondoko kanposantuan hobiaren kanporatzea telebistan ikusi zuenetik. Umea sabeletik atera eta eraman egiten dutela amets egin du bart. Esan daiteke inkontzientearen memoria, jaiotzear dagoen umea bezala, bultzaka ari dela argia ikusteko. Eugenio eta Dolorosen kontzientziak hasi dira ahausika, eta ez daude isilarazterik. Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean, egia lehertu da. Berriak erraiak zartatu dizkio Mireni.
Erregistro Zibilean Argiñe izena eman diote jaioberriari. Ama-alabak egiari aurre egitea erabaki dute. Doloresen kontzientzia ez da isilduko alaba erditu zuen ama, beste ama, aurkitu arte. Mirenek ezingo du egiazko dolurik egin sabeleko ama besarkatu arte. Itsasondoko hilerrira joan dira. Ez dago jakiterik, zerrautsa eta gaza batzuez gain, gorpurik gabeko hilkutxan, erantzunen bat topatuko duten. Badakite halere, istorio osoa ezagutu behar dutela egia hezur-mamitu eta birjaiotzeko.
Hemendik aurrera hilkutxa huts asko hasiko dira hatz salatariaz istorio ikaragarriak kontatzen. Zenbaitzuen kontzientziak aharrausika hastean, ez nuke haien larruan egon nahi.