«Emozioak bizi egin behar dira, eta aurrera jarraitu»
‘Una vida contigo’ izan zen Kristina Galarragaren (Ordizia, 1968) lehen liburua. Axier Gorostegi Galarraga semea istripuz hil zen Murumendin, eta harrezkero terapia izan da berarentzat idaztea. ‘La memoria del corazón’ argitaratu zuen azkena, eta orain tarte batean atseden hartuko du. Bere semearen biografia bat izan zen bere lehen liburua, eta bere amak literaturan aurkitu zuen babesa. Lehenaren ondoren, beste bederatzi lan egin ditu: ‘Retales de vida’ (2019) olerki bilduma, ’15 miradas al amor'(2022) kontakizun partekatuen bilduma eta ‘Eleonora, la hija del bosqu’e (2021), ‘Izadi, un canto a la vida’ (2021), ‘La mirada de Mikel’ (2022), ‘Paula, la aviadora de las estrellas’ (2022), ‘Cartas a Maria’ (2023), ‘Regreso al pasado’ (2024) eta ‘La memoria del corazon’ (2025) eleberriak. Autopublikazioz kaleratzen ditu. Haur Hezkuntzako irakaslea da ikasketaz.
Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
Ordizian jaio nintzen eta han bizi izan nintzen lehen urteetan. Beasainera etorri ginen gero. Nire aitak Lazkaoko Arriaran Fundizioan egiten zuen lan. Ez zeukan kotxerik, eta txirrinduan joaten zen. Autobidearen eta trenbidearen ondoan bizi ginen, Otegienean, eta izugarrizko zarata zegoen, eta amak «goazen» esan zuen. Amak hartu zuen erabakia, eta Beasainen Lizeoaren ondoko etxe berri batera mugitu ginen.
Bat ginen Otegieneko auzoan; mudantza egiten Frutas Ortegakoak lagundu zigun. Eta gu negarrez, ez genuelako joan nahi. Nik 12 bat urte izango nituen. Haurtzaroa polita gogoratzen dut. Bost senide gara, eta ni hirugarrena naiz. Nire amak 8 urtean bost ume eduki zituen. Zaharrenak babesten zuen txikiena; erdikoa ni nintzen baina ahizpa zaintzen nuen. Gogoratzen naiz asteazkenetan ez nintzela eskolara joaten. Ama azokara joaten zen, baimena eskatu zuen eskolan, eta, ondo nenbilenez, utzi zioten. Hala, ahizpa zaintzen nuen. Zaintzaile papera txikitatik hartu nuen.
Eta gaztaroa, nolakoa izan zenuen?
Institutuko oso oroitzapen ona daukat. Gaur egun institutua dagoen lekuan zegoen. Eskailera horiek… Ez ginen handik jaisten, ez igotzeagatik. Oso irakasle ona eduki genuen, Ordiziako Hilario, eta eraman gintuen flyschak ezagutzera. Guk kasurik ez. Eta Regreso al pasado eleberrian agertzen da flyscha.
Irakurzalea txikitatik izan zara?
Bai, bai. Pena da guk ez genuela dirurik liburuak erosteko, baina gustatzen zitzaidan. Harrapatzen nuen edozer gauza irakurtzen nuen. Institutuan agintzen zizkiguten denak, eta gero nire semeen liburu guztiak nik irakurtzen nituen. Euskaraz kosta egiten zitzaidan, nahiz eta euskalduna izan gaztelaniaz ikasi nuelako, eta ondoan hiztegiarekin aritzen nintzen.
‘Una vida contigo’ izan zen zure lehen liburua. Axier semea hil ondoren idatzi zenuen, omenaldi gisa.
Bat-batekoa izan zen, egun batetik bestera. Ez da gaixo dagoela eta despeditzen joaten zarela. Atera zen lanetik Zegamatik eta anaiari esan zion ‘esaiozu amari mendi buelta bat ematera joan naizela Usurbera eta beranduago ailegatuko naizela’. Eta Murumendin erori eta hil zen. Hurrengo egunean aurkitu zuten.
Terapia moduko bat izan zen liburua?
Bai. Eta opari bat egin nahi nion, eta halaxe gelditu da. Gorputz fisikoa hiltzen da, baina pertsonak gogoratzen ditugun bitarte horretan beti bizirik daude. Horregatik egin nuen. Bere biografia da. Eta olerkiak txertatu nituen. Bere argazkiak bildu nituen. Natura asko maite zuen, eta txirrindularia zen. Ataunen 16 urterekin erori eta gibela zulatu zuen, ZIUn egon zen. Baina ez zen bere momentua joateko. Azkeneko txirrindulari proba korritu, txapela jantzi eta utzi egin zuen. Liburua bere historia da, jaiotzen denetik hasita. Jendeak esan dit Axier amaren bidez ezagutu duela.
Dolurako sarerik badago?
Igual egongo da, pentsatzen dut. Pixka bat galduta gelditzen zara, bat-batean denean batez ere. Nik kudeatu nuen ahal bezala, egon nintzen 3 hilabete ohean begiak itxi eta ezin lorik eginik, eta esan nuen ‘ba idatzi egingo dut’. Eta hala egin nuen.
Momentuan ez nuen inor aurkitu, gerora bai. Semea edo alaba galdu duten batzuekin egon nintzen, kafea hartuz hitz egin, momentuak partekatu…
Zer behar da dolu prozesu batean? Zuk zeren falta sumatu zenuen?
Oso pertsonala da, zeren dolu bakoitza ezberdina da, eta iraupena ere ezin da zehaztu. Gogoratzen naiz jendeak esaten zidala: ‘Oraindik horrela zaude?’. Eta nik: ‘Nola nahi duzu ba egotea?’. Batzuek era batera gestionatzen dute, eta beste batzuek beste era batera.
Niretzat garrantzitsua da kuestionatu gabe pasatzea, errusiar mendi bat bada ere; negargura baduzu negar egin, barregura baduzu barre egin. Niri asko lagundu zidan Saramago autoreak. Hark esaten du seme-alabak jainkoak emandako mailegu bat direla, beraien kasa ibiltzerik ez dutenean hor egon, baina joaten utzi behar zaiela.
Non aurkitu zenuen babesa?
Nik idazten eta irakurtzen. Eta ibiltzen. Hiru hilabete egon nintzen lorik egin gabe, eta medikuak esan zidan pastillak hartzeko. Nik ez nuen nahi. Gero iritsi zen lo egiteko momentua. Hasieran laino batean zaude, amesgaiztoa dela pentsatzen duzu, bere gelara joaten zara eta bere gauzak ikusten dituzu… Badakizu zer egin nuen? Bere gauza gehienak oparitu nituen. Kuadrilla oso handia zeukan; etorri ziren etxera bizpahiru aldiz, eta bakoitzak hartu zuen nahi zuena; batzuek galtza batzuk, beste batzuek galtzerdiak, kamiseta… Kuadrilla mundiala da. Urtero-urtero Murumendira joaten dira urteurrenean. Jada 9 urte dira joan zela, eta beti joaten dira, euria edo elurra eginda ere bai.
Tabua da heriotza?
Ez da heriotza. Badakizu zer den? Mina ematen duena isilarazi beharra dagoela transmititzen da. Min ematen badu, ixo. Gauza horietaz hitz egin behar da, ondo zaudenean, gaizki zaudenen, alai, triste, festan zaudenean… konpartitu. Emozioak bizi egin behar dira, eta aurrera jarraitu.
Dolu prozesuak badu etenik?
Nik esango nuke ikasi egiten duzula; ahaztu ez, baina bizitzen ikasten duzu, berriro bizitzen. Beste jaiotza bat bezala da. Familia batzuk hautsi egiten dira. Denbora da dena. Hitz egin behar da. Ezin duzu ezer gertatu ez balitz bezala egin; baina ez heriotzarekin bakarrik, istripuekin, ikasketekin, edozer gauzarekin hitz egin behar da.
‘Retales de una vida’ argitaratu zenuen gero, eta lehen eleberria ‘Eleonora, la hija del bosque’ izan zen.
Hainbeste ibili nintzen basoan… Hango soinuak, txoriak… Arbolak besarkatzen nituen. Nik besarkadak nahi nituen, eta egoera zen bezalakoa zen. Orduan arbolak besarkatzen nituen. Asko ibiltzen nintzen Lazkaotik Ataunerako bide horretan, egunero 8 kilometro egiten nituen. Edo Loinazko San Martin basilikaren goian bide koskor bat dago, banku bat dago Txindoki ikusten dena, eta han.
Niretzat, txoriek hitz in egiten zidaten. Ni horrelakoa naiz, izan ere. Bakea sentitzen nuen. Orduan Eleonora la hija del bosque idatzi nuen, lehen eleberria.
Bigarren zatia izan zuen.
Izadi, un canto a la vida. Jendeak esan zidan ‘horrela ezin gaituzu utzi, bigarren partea behar du’. Eleonora mutu jaiotzen da, eskolara joaten da eta bullying-a egiten diote. Edurne bere laguna da, eta Edurne hil egiten da. Eta basoan, behin, orein bat ikusiko du, eta ordutik basora joaten da beti, babesa aurkitzen du, izugarrizko bakea sentitzen du. Jaiotza eta heriotza niretzat elkartuta daude, hari bat bezala, ikusezina den hari bat bezala.
Ondoren etorri zen ‘La mirada de Mikel’. Eleberria da gehien gustatzen zaizuna?
Kariño handia diot lan horri, Beasainmendin hasten delako. Eta kontatzen dut istorio bat ama batena, Almarena. Umerik ezin du eduki, eta haur itsu bat adoptatzen du. Bai, maite dut eleberri hori.
Elkarlanean ere aritu zara, ’15 miradas al amor’ liburuan.
Hori esperimentu bat izan zen. Hamabost egile ginen, eta bakoitzak maitasunaren inguruko bere ikuspegia azaldu zuen. Denon artean idatzi, eta gero denon artean zuzendu genuen. Horrela egin genuen. Nik Amor tras la perdida de un hijo idatzi nuen.
‘Cartas a Maria’ zure lanik konprometituena eta sakonena izan dela diozu. Zergatik erabaki zenuen 36ko gerraz hitz egitea?
A zer nolako enbaxadan sartu nintzen! Pentsatu nuen ‘hau inork ez du irakurriko’. Eta saldu egin zen. Argentinatik ere eskatu didate.
Axierrek bazeukan kamiseta bat lagunek egin ziotena: ‘Dena eman behar jako maite dan askatasunari’, Lauaxetarena. Hain polita iruditu zaitzaidan… Lauaxeta hil egin zuten, eta gainera Lorcari idatzi zion. Itzela da. Eta biak akabatu zituzten. Horrekin lotu nuen.
Manuelekin hasten da istorioa, hemengo irakasle errepublikano batekin. Maria alaba da. Gau batean eraman egiten dute etxetik. Ondarretan egon zen kartzelara eramaten dute, eta ihes egiten du handik. Hortik garatzen da istorioa.
Azkena, ‘La memoria del corazón’. Organo donazioaz hitz egiten duzu, besteak beste, eleberrian, eta gainera lehen hamar aleen dirua Alcer Gipuzkoara bideratu zenuen, giltzurrun gaixotasun kronikoa dutenen elkartera. Zergatik?
Donaziorako elkartea da. Zerbait altruista egin nahi nuen. Zer inportantea den organo donazioa. Ez gaituzte besteen arazoek blaitzen. Guk nahi genuen donatu, baina ezin izan genuen, denbora bat duelako.
Konprometituta zaude hainbat gaitan. ‘La mirada de Mikel’ ONCEren liburutegian egokituta eta eskuragai dago.
Alacanteko lagun oso on bat daukat, eta beti jarraitu ditu nire nobela guztiak. Eskulan tailerra dauka, eta haren ikasleek ere denak irakurri dituzte. Bere anaia itsua da, eta esan zion idatzi nuela itsu baten inguruko liburua; hark eraman zuen ONCEra, lokutore batek ahotsa jarri zion eleberriari, eta hor dago norbaitek entzun nahi badu.
Nolakoa da zure idazketa prozesua?
Dena apuntatzen dut, okurritzen zaizkidan ideia guztiak. Nik badakit hasiera eta bukaera zein den, baina erdiko hori garatzean izaten dut lan gehien.
Orain, atseden hartu duzu.
Jada ez dut idazten. 10 urtean asko idatzi dut. Azken liburuaren ondoren motxila beteta neukan, eta ‘oraingoz atseden hartuko dut’ esan nuen. Behin ere ezin da ezezkorik esan, baina stand by-an dago. ■
Egunsenti bat, esperantza zirrara bat
Natura maite du Kristina Galarragak. Argazki kuttunerako ere naturari estuki lotuta dagoen irudi bat aukeratu du. Egunsenti baten irudia da, eta Txindokiren silueta ageri da. Birsortzeari erreferentzia egin dio, nolabait, aukeraketa azaltzerako orduan: «Egunsenti bakoitza jaiotza berri bat da». Horrela bizi du bizitza, etengabeko egite, desegite, sortze, birsortze eta indar-euste prozesu bat bezala. Esanahiz betetako irudia da; eguzkiak egun berri bat markatzen duen aldiro, bizitzari heltzeko aukera berri bat eskaintzen du. Beasaindik ateratako argazkia da, eguna argitzen hasitakoan berak ikusten duena: «Esnatzen naizen goizero ikusten dudan irudia da, Txindoki nire balkoitik, eta indarra eta esperantza zirrara eragiten dit, nahiz eta denbora pasa, hor dagoelako tinko eta indartsu».


