Sakelako telefonoaren kontratua daukat etxe batekin, baina esango nuke lapurtu egiten didatela, eta, hortaz, beste konpainia batera jo dut informazio bila. Dendariak galdetu dit ea zer nahi dudan. Nik, ba tira, zerbait «normala». Ea sakelakoari Internet jarri nahi ote diodan galdetu dit segituan. Eta nik ezetz. Berak ea zergatik ez. “Zergatik ez”, nire erantzuna. Dendari, badakizu? Zure erantzun harrigarriagatik nabil lerro hauek zuri buruz idazten.
Ez diodalako sakelakoari Internet jarri nahi, aizu. Zuk galdetu berriro, lasai, baina ezetz esango dizut. Hori bai, ez nuke asmatuko zergatik esaten. Horregatik erantzun dizut “zergatik ez”. Bagaude jada nahiko konektatuta, ezta? Bagaude dagoeneko haien, teknologia berrien eta haien kudeatzaileen mende, ez duzu uste? Beraz, ez dut nahi, eskerrik asko. Erabiltzen ditut Facebook-a, email-a, spotify-a… Gainera, dendari, badakizu gauza bat? Iritsi egingo da, lehenago edo beranduago, nik ere jarriko diot sakelakoari Internet. Momentuz ez, ordea. Hasteko, ez dut behar. Facebook-a ere ez, erantzungo didazu. Ba ez, baina… Hori ere iritsi zen, amigo! Sartu zidaten ziria. Baietz, baietz, badakit askea naizela aurkeratzeko, baietz, baina… Nik ere ez dakit zergatik, dendari. Bien bitartean, utz iezadazu honetaz libratzen. Utz iezadazu diferente, errebelde, sentitzen momentuz; edo askeago igual. Sekretu bat kontatuko dizut. Bai, etorri, belarrira: grabagailu digitalerako jauzia orain dela gutxi eman nuen. Beraz, momentuz jai daukazu dendari.
Unai Kerejeta
Beti beteta dauden denda bakarrak diren arren, telefonia denda batera sartu aurretik era guztietako eskaintzei muzin egiteko prest izan behar duzu. Hori ere entrenatu egiten da. Badakigu lapurreta egiten digutela, baino gaurko gazteek dioten bezala, «es lo que hay».
Sare sozialik ez duzula behar? Ba al dakizu Facebookek ze aukera piloa ematen dizun ligatzeko? Zuk ez jakitea ere! Hasteko lagun piloa bat egin ditzakezu (kalean dituzunak baino gehiago seguru), eta haiekin lasai hitz egin, lotsagarri geratzeko beldurrik gabe. Ligatze asuntotan, gainera, larunbat gau bateko ordu txikitan bezala, hamaika kalabaza jasoko dituzu, baina, behintzat, intimidadean izango da, eta inork gehiagok ez du ikusiko geratzen zaigun babalore aurpegia. Kalean dauden prezioekin, mozkortuta zeundenaren aitzakiak berdin-berdin balio du.
Ligatze asuntoak alde batera utzita, gauza ederra da baita ere sakelakoan Internet edukitzea. Lagunak 1995/1996 denboraldian Realaren entrenatzailea nor zen eztabaidan daudela? Toshack, Salba Iriarte, Amorrortu…? Ttak, inork ikusi gabe kontsultatxoa Wikipedian, eta egun batzuetarako errespetua ere irabazia duzu koadrilakoen artean. Gainera, zauden tokian zaudela, tabernan, mendian, hondartzan…
Beraz, Susaeta adiskidea, zure kasuan dendara itzuliko nintzateke eta Interneteko tarifa ezberdinak ikusi eta bat aukeratuko nuke. Gainera, ziur nago, dendariak zerbait nahi zuela zurekin eta nahikoa neska dotoreak izaten dira halako dendetan.