
Realeko entrenatzaile Montanierren aldeko argudio bat baino gehiago datorkit burura, baina baita kontrakoak ere. Bere alde, gazteen aldeko apustu garbia egin izana. Ez soilik debutatzeko aukera ematerakoan, baita gazte horiei jarraikortasuna ematerakoan ere. Ezin da, ordea, den-dena horrekin estali.
Partiden irakurketa egiterakoan kale egin ohi du behin baino gehiagotan. Hainbat neurketa aldapa gora jarri direnean, gutxitan asmatu du aulkitik. Askotan, aldaketak berandu egin ditu eta ez dute etekinik eman. Seguru nago astelehenetik ostiralera bitarteko entrenamenduak ondo baino hobeto prestatzen dituela. Plangintza, errendimendua… oso metodikoa izatearen fama du. Benetako azterketa, ordea, partida da. Hor jo behar da goia, eta entrenatzaile honi, zenbait egoeratan, gabezia hori sumatzen zaio.
Nortasunarenaren aldetik, talde honek, muturreko zenbait kasutan, -larriena Mallorcan- aurrera pausoa eman beharrean, atzeraka eman du. Beroa izan beharrean, epela dela erakutsi du.
Horrenbesteko parekotasuna dagoen Liga batean, hanka-sartze txikienak sailkapenean gora begira edo behera begira jarri zaitzake. Horregatik, Realak gidaritza sendoa behar du. Talde gaztea da. Gehien-gehienean, etxeko jokalariz osatua. Harro egoteko moduko bereizgarria da hori, baina talde gazte bat, eta Espainiako Ligan esperientziarik gabeko entrenatzaile baten uztarketa, arriskutsua izan liteke.
Igor Sarriegi
Arrazoi duzu Balentxi, baina Montanier bai ala ez? Nik garbi dut, aldeko arrazoi gehiago daude kontrakoak baino. Urteak eman ditugu noraezean, zer izan ginen ahaztu, eta inor izan gabe, nora joan nahi genuen jakin gabe. Bazen garaia, ausardia pittin bat izan eta, etxekoak baino gehiago ez diren atzerritarrei ateak ixteko. Urteak eman ditugu, etxean zer genuen begiratu gabe, kanpotik behar ez genuena ekarriz, askotan balio ez zuena gainera. Bejondeiola Montanierri, tristea da baina kanpotik etorri behar zein garen erakustera. Baina ez da nahikoa arrazoi. Akaso ez duzu sinetsiko, baina Realaren partidak ikustera gustura joaten naiz askotan. Ez bat, ez bi, asko dira ongi jokatu dituenak: Sevilla, Valentzia, Osasuna, Mallorcaren kontra Anoetan… Txarrak ere bai noski, baina Bartzelonak ere Anoetan ez zuen aparteko erakustaldirik eman.
Realak, bere apaltasunean, joko molde bat badu. Nortasun hori badu. Izaera, bai egia da, batzuetan gatzik gabea da. Gehiago eskatu behar zaio. Baina nolako enborra halako ezpala. Eta kasu honetan enborra ez da Montanier. Gipuzkoarron izaera nolakoa da ba? Anoeta ez al da ba hotza? Aitzakia pistak al dira? Zakurrak, nagusiaren antza izaten du, eta Reala, gipuzkoarron ispilu da.
Zer garen, non gauden eta nora goazen, hori da garrantzitsua. Momentuz ideia garbi batekin, eta jaitsieratik sei puntura. Zuk ere sinatuko zenukeen abuztuan, ala ez?
Taldeari sendotasuna falta zaio, Montanierrek konfiantza gehiago eman behar luke. Baina zuhaitzak sendotasuna hartzeko denbora behar du, eta gure lana da bitartean, babesa ematea.