Egoitz Mujika auto gidari legazpiarrak Gabiriako rallysprintean parte hartuko du, igandean.
Egoitz Mujikak (Urretxu, 1986) dioenez, bere gurasoengandik jaso du autoekiko afizioa. 4 urterekin motorrean ibiltzen zen. Igandean izango da Gabiriako Rallysprinta, eta beratan parte hartzeko, Citroën Saxo bat prestatu du Mujikak. Iaz bere mailako onena izan zen.
Inoiz irudikatu al zenuen zure burua lasterketa auto baten barruan?
Betidanik joan izan naiz probak ikustera; eta, bai, «egunen batean ni izango naiz autoko gidaria». Horixe neukan buruan. Nik uste dut afizio hau edozein gazteren ametsa dela.
Ez da afizio merkea, ordea.
Ez. Gazte asko dabil, hala ere. Nik duela hiru urte motor bat saldu nuen lasterketetarako auto bat erosteko. Euskal Herriko rallyetara joateko gogoa neukan. Hiru proba egin nituen auto harekin. Hirugarrenean puskatu egin zen.
Ez da zaila autoko motorra puskatzea, ezta?
Errazena, lasterketa batean, autoa apurtzea da.
Egingo zenuke izan dituzun autoen zerrenda?
Iaz, izan dudan bigarrenarekin aritu nintzen. Zumarragako Ugle lanbide eskolari esker muntatu nuen. Ikasle ohia naiz eta proiektu bat egin zuen tailerreko irakasleak. Autoa ikasleek muntatu zuten. Peugeot 309 GTI bat zen. Urte amaieran saldu nuen eta kalerako neukan autoa rallyetarako muntatzea erabaki nuen. Citroën Saxo bat da. Ormaiztegiko Almosport tailerrean daukagu. Gabirian hasiko den denboraldirako prestatuko dugu.
Nola prestatzen da auto bat rallyetan aritzeko?
Legeak ezarritako segurtasun neurriak errespetatu behar dira. Egitura bat ipintzen zaio barruan; itzulipurdia eginez gero, minik ez hartzeko. Eserlekuak eta uhalak bereziak dira. Itzalgailuak izan behar ditu eta, hortik aurrera, norberak nahi duen guztia.
Gabiriakoa rallysprinta da. Zein da rallyaren eta rallysprintaren arteko aldea?
Rallysprintean zati bakarra dago eta rallyan zati bat baino gehiago eta igoerak daude. Euskal Herrian aurtengo denboraldian zazpi rallysprint, bost rally eta bost igoera inguru egongo dira.
Denetan parte hartzeko asmoa al duzu?
Bai. Autoa apurtzen ez badugu, behintzat.
Gabiriako rallysprinterako zein itxaropen duzu?
Osorik bukatzea eta autoa ez puskatzea. Amak bi semeak doazela, eta poliki ibiltzeko esan dit. Xabier Mujika anaia kopilotua izango da.
Zeintzuk dira Gabiriako lasterketaren ezaugarriak?
Zirkuituko zailena da. Bide estuak eta arroila zabalak ditu. Gidariak, kurbak hartzerakoan, arroilatan sartzen dira eta autoa apurtzeko aukera asko daude. Lokatza badago, oraindik ere zailagoa da. Eguraldiak asko baldintzatu dezake igandeko proba.