
Martxoan Bertsoaren 10. edizioa abian da eta, aurten ere, Urretxun eta Zumarragan bertsozaletasuna suspertzeko helburuarekin antolatu dute lehiaketa. Bultzatzaile nagusiak Gorka Azkarate eta Gorka Ojanguren dira.
Gorka Azkarate eta Gorka Ojangurenek betidanik ezagutzen dute elkar; egun berean jaio ziren eta gurasoak ere lagunak dira. Klase berean ibili ziren, batera hasi ziren bertso eskolan, eta elkarrekin abestu dute hamaika plazatan. Duela bederatzi urte, Martxoan Bertsoarekin lotutako ekitaldiak antolatzea erabaki zuten, eta ekimenak sekulako arrakasta izan du.
Biak oso harro daude ekimenak urte hauetan eman duenaz, eta Martxoan Bertsoko saio batzuk «magia» izan dutela diote. «Martxoan Bertsoa, bertso eskolaren ondorioa izan da, baina baita tresna ere. Jende askori plaza eskaini dio, eta herri mailan fenomeno soziala izan da. Arrakasta handia izan duten gauzak egin dira», dio Ojangurenek.
Gorka Azkarate iritzi berekoa da, eta txapelketa «erreferentea» dela uste du. Hiru lagunez osatutako taldeekin txapelketa lehenengoz haiek antolatu zuten, eta «orain modan jarri da. Agurrak mozorrotuta egitea ere, orain jarri da modan. Bestalde, inork espero ez zuen herriko jende asko bertsoak kantatzen jarri dugu. Hori da MBren indarra, lagun pila bat mugitu dugula».
Bertsoa jendearengana hurbildu izana da gakoa. Txapelketa, adibidez, tabernetan jokatzen da. «Parte hartzea bultzatu behar dela esaten da, baina horretarako jendeak ondo pasatu beharra du», dio Ojangurenek.
Aurtengo egitarauari dagokionez, berrikuntza nagusia, bertso musikatuen ordez, musikala antolatu dutela da. Aldaketa hamar urte hauetako lanaren fruitua dela uste dute. «Denbora honetan guztian jende asko mugitu dugu. Txapelketan 84 lagunek parte hartu dute, eta bertso musikatuetan beste hamabost inguruk. Orain da musikala egiteko garaia. Zuzeneko musika, dantza, antzerkia eta bertsoa uztartuko ditugu. Baina hori ezin da zerotik hasita egin, hamar urte hauetan sarea osatu dugulako egin ahal izango dugu», azaldu du Ojangurenek.
Musikalaren gaiari buruz galdetuta, bi bertso eskolako bi kideek «Urretxu eta Zumarragarekin oso lotuta dagoen maitasun istorio ezinezkoa» dela aurreratu dute. Zorionez, bi herriok bertsoarekin bizi duten maitasun istorioak ez du inongo oztoporik eta luze iraungo duela dirudi.
Azkarate eta Ojanguren ere bertsolariak dira, eta ederki gogoratzen dute bertso eskolan zergatik eman zuten izena. Gurasoekin Herri Urratsera, Durangoko Azokara eta halakoetara joaten zirela oroitzen dute, eta horrek eragina izan zuela uste dute. Gainera, Iñaki Beitia zena zuten irakasle, eta animatu egin zituen. Gelako gehienek eman zuten izena. Lehen urteetan merienda asko egiten zituztela eta oso ondo pasatzen zutela gogoratzen dute. Juanjo Sagastibeltza zuten irakasle.
Lehen saioak ikastolan bertan eskaini zituzten, baina Gipuzkoako Eskolarteko finala gogoratzen dute bereziki. «Karmelo Baldan izan zen. Sekula ez dugu horrenbeste jenderen aurrean abestu. Ikastolako guztiak autobusean joan ginen, eta saio polita osatu genuen».
Azkaratek eurentzat «Champions League-ko finala jokatzea bezala» izan zela gehitu du. «Unai Zabaleta eta Gorka Sasietarekin abestu genuen eta, askoren ustez, irabaztea merezi genuen». Ordutik, hamaika aldiz abestu dute elkarrekin: inaugurazioak, omenaldiak… Urretxu eta Zumarragako bertsolari ofizialak izan dira urte luzetan. Ez dute uste lan nekosoa denik, baina bere alde txarra ba omen du: «Bertsolaritza gustuko dugunez, gustura ibiltzen gara. Baina plaza batzuk xelebre samarrak dira: apenas ezagutzen ez duzun norbaiten omenaldia, inaugurazio ekitaldiak…», aitortu du Azkaratek.
Ojangurenek joateko gogorik izango ez balute, ez liratekeela joango aipatu du, baina horretan ez daude guztiz ados. «Hori erlatiboa da. Izan ere, askotan gu joaten ez bagara, ez da inor joango, eta ekitaldia bertsorik gabe geldituko da». Bere lagunaren iritziz, hori ez da horren larria. «Toki batzuetan, beharbada, ez da komeni bertsorik egotea. Jendea adi egongo ez den tokietara ez da joan behar. Bertsoari errespetua zor zaio. Askotan jendeak ohituraz deitzen ditu bertsolariak, trikitilariak eta dantzariak, eta hori danontzat da kaltegarria. Antolatzaileak kontuan izan behar du entzuleak bertsoak gustuko dituen».
Plaza xelebreez galdetuta, Ojangurenek duela gutxi Urretxuko eguneko zentroan gazteleraz abesteko eskatu zietela eta hala egin zutela kontatu du. Azkaratek, berriz, umetan Urretxuko Euskal Jaiko desfilean abestu zutenekoa ekarri du gogora: «Karroza batean joan ginen eta batek urretxuar rola bete zuen eta besteak zumarragar rola. Bakoitzak hiru bertso ikasi zituen eta denbora guztian horiek abestu genituen!».