Kate motzean!
Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Errazagoak izango balira gauzak, ez lirateke izango. Ziur nago ez ginela honaino iritsiko oztoporik izan ez bagenu. Beti borrokan ibiltzeaz ohituta gaudenek ez dugu besterik ezagutu.
Gure militantzia garesti ordaintzen ari gara batzuk, gure militantzia eta beraien miseriak. Taberna batek ezin omen du agur bat egin, baina pantaila erraldoiak jarriko dira errege kopako finalerako, eta denok dakigu nola izan den historia.
Nazkatu naiz. Ezin dut gehiago eta ez dut nahi gehiago borrokatu. Baina ez dago besterik.
20 urte pasatu dira, eta ez da ezer aldatu. Betiko jauntxoak betikoa egiten, eta betikoak egurra jasotzen. Lasai, ez naiz biktima planean jarriko. Horretarako zaudete zuek.
Baina urte hauetan makina bat ekitaldi antolatu ditut nire izenean eta ez da arazorik egon. Akaso arazoa beste bat da. Akaso arazoa Gaizka deitzea da.
Ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko, baina Urretxuk arazo potolo bat duela begi bistakoa da, eta ez da Gaizka.
Mila esker bi hamarkada miresgarri hauetan nire alboan egon zareten guztiei. Ikaragarria izan da, baina amaitu da bizardunaren bidaia Motzen.
Hori bai, beste gauza batzuk hasiko dira, ziur izan. ■
