Haurrentzako parke bikaina duen Arama ezagutzeko aukera ematen du, Ordiziatik Itsasondorako bideak.
Ordiziatik Itsasondora, Aramatik pasata joatea, oso erosoa da. Izan ere, trenean joan daiteke Ordiziara, Itsasondok ere geltokia du, eta ibilbidea samurra da.
Ordiziako tren geltokian hasiko dugu txangoa. Handik irten eta eskuinera egingo dugu. Oria ibaia, autobidea eta trenbidea gainetik igaro ondoren, Zaldibia aldera joko dugu. Usabiaga lantegiaren bukaeran ezkerrera hartuko dugu, Amundarain ibaia gurutzatu eta ezkerrera doan pasealeku politetik jarraitzeko.
Ezkerraldean N-1 errepideadugula, Aramara eta Altzagara doan errepidera irten aurretik, aldapa jaitsi ondoren, espaloitik jarraituko dugu. Aramako parkean atseden hartzeko aukera izango dugu, eta gose edo egarri denak plazako tabernara jo dezake. Pilotalekua ere bikaina da.
Itsasondora joateko elizatik eta udaletxetik behera egin eta hor aurkituko dugu ibilbideko bigarren aldapa. Ondoren, ezkerrera dagoen tunelean sartu autobidea azpitik pasatzeko eta, tren geltokitik igaro ondoren, ezkerrera joan. Ibaia eta errepidea gurutzatu eta elizarantz jotzen duen bidea hartu. Elizaren aldamenetik igaro eta bertan ageri den bideak errepidera eramango gaitu. Ezkerrera joan eta lehen ibaia gurutzatu dugun zubitik tren geltokira helduko gara.
Itsasondoko elizak sarrera benetan ikusgarria du eta Otamendi oinetxea ere azpimarratzekoa da. Ordizian alde zaharra eta tabernetako eskaintza ezagutu eta probatu beharrekoak dira.