
Gazta gustatzen al zaizu, Eneritz? Eta sagardoa? Eta nolatan egiten dizkizudan galdera hauek! Ba, berriki Zerainen martxan jarri duten (dugun) Gazta eta sagardoaren mendia izeneko proiektuak eman dit galderak egiteko aitzakia. Zerain Dezagun Fundazioak bultzatuta, herriko bi produktu gastronomiko nagusiak uztartu eta hainbat ekimen jarri dituzte (ditugu) abian lehen sektorea turismoarekin uztartzeko bokazioan beste urrats bat emanda.
Ez da nire asmoa testu hau gure herriaren promozio hutserako erabiltzea (nahiz eta hori inoiz ez dagoen soberan), baizik eta proiektuaren aurkezpenean Fermin Leizaola etnografoak aipatutako hitz batzuek sortu zizkidaten burutazio batzuk partekatzea. Leizaolaren esanetan, ez gazta eta ez sagardoa ez dira jaki edo edari hutsak, baizik eta gure ondarea, paisajea eta kultura dira. Urtetan zehar, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza eta bizimoduei esker, egun ere bizi-bizirik daudenak Zeraingo gure komunitatean. Eta ez gazta eta sagardoa bakarrik, baita sagastiak, belardiak, baserriak, artzain-txabolak, mendiak, etab. ere. Norbaitek pentsa dezake Txomin Agirreren Garoako garaietara bueltatzeko desiatzen nagoela. Baina ez dago nire asmoetan horrelakorik. Kontua da, Zeraingo ekimen berriak erakusten digun moduan, ehunka edo milaka urtetako tradizioa duten bizimoduak-ogibideak egun ere posible direla garaira egokitutako modu berriak bilatuz, baina batez ere, elkarlana bultzatuz. Zerainen sagardogileak, artzainak, turismoko kudeatzaileak eta herritarrak bide berean lan eginda jarri da martxan ekimen berria. Baina hori posible izan dadin elkarlana, auzolana da gure eredua. Herri txikiok ez dugu beste modurik. Ala bai? (Galdera bota dut eta banoa ni sagardotegira).
Eneritz Gorrotxategi
Ni ere izan berri naiz sagardotegian bai! Ados nago Fermin Leizaolaren aipu horrekin; gazta eta sagardoa gure ondare, paisaia eta kulturaren zati dira, nola ez. Baita beste hamaika produktu ere, zerrenda luzexka osatu arte. Baina, azken aldian honekin lotuta dagoen eta gizartean antzeman dudan fenomeno bat aipatu nahiko nuke nik. Txomin Agirreren Garoako garaietara jo gabe, orain urte batzuk egunerokoak ziren hainbat jaki, eta era berean gure ondare, paisaia eta kulturaren adierazgarri direnak, kutixitzat hartzeko dagoen joeraz ari naiz. Ez nioke baliorik kendu nahi produktu edo jakiari, baina atentzioa ematen dit, niretzat «fenomenoa» den horrek; babarrunen kasua esaterako, taloarena… Auzolana bera ere, lehen egunerokoa zen. Orain, berriz, zenbait tokitan berreskuratze ahaleginetan ari dira; baita salmenta zuzena…
Herri txikiak, elkarlana eta gazta aipatuta, ezinbestekoa zait Idiazabal aipatzea; Idiazabal herria, Nazioen Mundua ekimena eta bide batez Jon Maiaren Gazta zati bat proiektua. Hauxe da herri baten txikitasunetik, elkarlana ardatz, autodeterminazioa helburu nazio, nazioarte eta haratago zabaldutako ekimenaren adibide eta eredu. Norbanako izatetik, geure txikitasunetik, auzolanean eta elkarrekin, hurrats handiak eman daitezke. Nik ere nahi dut A piece of cheese.