Eduardo Aparecido Elias Sao Pauloko (Brasil) Ribeirao Prieto herrian jaiotakoa da, 1976. urtean. Bederatzi urte dira Zumarragara etorri zela, eta ez dauka Brasilera bueltatzeko asmorik. Herriminari saudade esaten diote portugesez. Dioenez, noizean behin baino ez du nostalgia mota hori sentitzen. Hala ere, «badaezpada», urtean behin Brasilera joaten da.
Zerk ekarri zintuen Goierrira?
Maitasunak. 2000. urtean Salamancara joan nintzen gaztelera ikastera. Han nengoela Madrilera joaten nintzen. Haietako bisita batean goierritar batekin maitemindu nintzen.
Goierrin daramazun denboran, zer egin zaizu deigarriena?
Hasieratik, jendearen zintzotasuna. Hemengo jendea ezagutu, eta ikusten duzun hori da, iruzurrik gabe. Brasildarren arteko harremanak azalekoagoak dira. Bromazaleagoak dira eta itxuraz alaiagoak, baina behar dituzunean, ez dakizu hor egongo diren.
Zer da Goierritik gutxien gustatzen zaizuna?
Egoera ekonomikoak gauzak aldatu dituela iruditzen zait. Jendearengan ez dut hasieran sentitu nuen poza sumatzen, tristeago daude, grisago. Urtean behin Brasilera joaten naiz eta han kontrakoa gertatzen ari dela esango nuke. Jendeak erosteko ahalmen gehiago dauka eta zoriontsuagoak direla ematen du.
Ba al dago harritu zaituen zerbait?
Zein azkarra den hemengo poteoa! Urretxuko Santa Anastasia jaiak ziren iritsi nintzenean. Zur eta lur utzi ninduen tabernak jendez lepo ikusteak, eta zein azkar zihoazen tabernaz taberna. Horrelakorik ez dut aurretik ezagutu.
Goierrin geratzeko asmoa al daukazu?
Bai. Orain, Zumarragara heldu nintzenean nerabea nintzela iruditzen zait. Pertsona osoagoa egin naiz hemen, eta ditudan balioak hemen jaso ditudala esango nuke. Gustura bizi naiz, lasai eta pozik.
Zer ekarriko zenuke Brasiletik?
Familia, lagunak, alaitasuna, eguraldia…
Zer eramango zenuke?
Erantzuna ia berdina da. Lagunak eta hemengo janari goxoak eramango nituzke.
Sortu al zaizu euskara ikasteko gogorik?
Bai. Ikasten ari naiz. Euskaltegira joaten naiz etorri nintzenetik eta piska bat badakit.
Brasil
Herritarrak: Brasildarrak. Biztanleak: 192 milioi. Azalera: 8,5 milioi kilometro koadro. Hiriburua: Brasilia. Hiri nagusiak: Sao Paulo eta Rio de Janeiro. Antolaketa politikoa: errepublika federala. Lehendakaria: Dilma Rousseff.Hizkuntza: portugesa (ofiziala) eta 180 hizkuntza indigena.