
Lan erreforma berria langileen eskubideen eta lan baldintzen «aurkako erasoa» dela argudiatuta, greba orokorrerako deia egin dute sindikatuek martxoaren 29rako. Mobilizazioetan parte hartzera deitu dute sindikatuek.
PPren gobernuak 2012ko otsailaren 11n argitaratutako lan erreforma, langileen eskubideei azken hamarkadetan egin zaien «erasorik bortitzena» dela salatu dute sindikatuek, «2008an krisia hasi zenetik, langileen eskubideen aurkako azken kolpe bortitza». LABen esanetan, «patronalaren eta kapitalaren mesedetan» egindako lan erreforma «inposatu» du PPren gobernuak. «Enplegua sortuko dutela aitzaki gisa erabili arren, lan erreformaren ezkutuko helburua langileen soldatak erasotzea eta jaistea» dela dio ELAk.
Era horretan, langileen eskubideen defentsan, datorren asterako, martxoaren 29rako, greba orokorra deitu dute sindikatu guztiek. Egunean bertan nahiz aurretik egingo diren mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute sindikatuek, «hamarkada luzetan asko kostata lortutako eskubideak hilabetetan ari baitira ezabatzen».
PPk egin duen lan erreforma berriaren aldaketarik nabarmenenak eta langileengan izango dituen eraginen laburpena irakur daiteke ondorengo lerrootan.
Langileen kaleratzeari dagokionean, kaleratze objektiboa errazten du lan erreformak. «Kaleratze denak bidezkoak izango dira. Izan ere, hiru hiruhilekotan jarraian sarrera jaitsierak dituen enpresari edo sarrera jaitsiera aurrikusten duenari, langileak kaleratzeko eskubidea aitortzen zaio». Horrekin batera, kaleratze bidegabeari dagokion kalte ordaina jaitsi egingo da: lehen, 45 egun ordaintzen ziren lan egindako urte bakoitzeko, 42 hilabete gehieneko mugan; erreformarekin, 33 egun ordainduko dira lan egindako urte bakoitzeko, eta gehieneko muga 24 hilabetekoa izango da.
Kontratazioak ere ezegonkorragoak izango dira. ELAren eta LABen esanetan, 50 langiletik beherako enpresetan urtebeteko froga-aldidun kontratuak egiteko aukera izango dute enpresariek, eta urtebete gainditzen ez duen langilea inongo kalte-ordaindik gabe kaleratu ahal izango dute, froga epea gainditu ez duela argudiatua. «Kaleratze librea» da hori, sindikatuek diotenez.
Langileen lan baldintzei lotuta, hemendik aurrera enpresariek langileei soldata jaitsi ahal izango diete, antolakuntzarekin eta ekoizpenarekin lotutako arrazoiak medio.
Langileen estatutua «desagertu» egin da. «Enpresariari dena aldatzeko eskumena ematen zaio. Lan harreman batean garrantzitsuena ordutegia, egutegia eta soldata erregulatuta egotea da, une oro nagusiak nahi duen guztia egin behar ez izateko». Lan erreforma berriarekin «erabaki guztiak enpresarien esku daude, lan hitzarmenak diona ere aldatu baitezakete. Honek eskubide guztiak bertan behera uzten ditu». Hemendik aurrera, lan hitzarmen bat ona edo txarra den baloratu beharrean, «lan hitzarmen hori betetzen den ala ez» kontrolatu beharko dela diote sindikatuek.
Enplegu Erregulazio Espedienteen atalean ere, bada aldaketarik: orain arte administrazioak, lan-ordezkaritzak, esku hartzen zuen EEEak onartzerakoan; administrazioak berak eman behar izaten zuen baimena. Orain enpresak zuzenean egiteko eskubidea izango du, Administrazio Publikoaren baimenik gabe.
Horrekin batera, lan erreforma berriak beste aukera berri bat ireki du Enplegu Erregulazio Espedienteen kasuan: sektore publikoa osatzen duten erakundeek ere arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak eta ekoizpenaren alorrekoak argudiatu ditzake administrazio publikoarekin lan harremana duten langileak kaleratzeko.
Negoziazio kolektiboa «ahulduta» geldituko da sindikatuen ustez, eta enpresetako lan itunek izango dute lehentasuna. «Hitzarmen kolektiboan adostutakoa enpresan bertan» gera daitekeela diote.
Lan itunaren indarraldia amaitzen bada eta langileek akordiorik lortzen ez badute, amaitutako hitzarmenak gehienez bi urtean jarraituko du indarrean. Lehen ez zuen mugarik. Bi urteko epea amaituta, soldata izan ezik, hitzarmena hutsetik negoziatzen hasi beharko dute.
Absentismoan oinarrituta, bajan dauden langileak ere kaleratzeko bidea errazten du lan erreformak. Hemendik aurrera, lanera modu justifikatuan ez joatea, kaleratzeko arrazoia izan daiteke. Hau da, absentzia horiek %20 badira hilabetez jarraian (8 egun gutxi gorabehera), edo %25 etenkako lau hilabetean (20 egun gutxi gorabehera), langileak kaleratua izan daiteke. Sindikatuen arabera, «gaixotasunagatik edo lanez kanpoko istripuagatik gertatutako bajak zenbatzen dira, bajak, osasun zerbitzu ofizialek onartua izan badira eta 20 egun baino gutxiagoko iraupena baldin badu». Kasu honetan, kalte ordainda 20 egunekoa izango da lan egindako urte bakoitzeko, urtebeteko topearekin.
Prestakuntzako kontratua
Langileari, lanpostu gaitu bat egoki betetzeko behar duen prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematea da prestakuntzako kontratuaren helburua. Lan Erreforma berriarekin, 33 urtera arte egon daitezke gazteak 513 euro kobratzen. Prestakuntzako kontratuarekin, sindikatuek diotenez, «bilatzen dena da lan-indar merkea izatea, eta ez enplegu normalera iristeko bidea eskaintzen duen kualifikazio profesionala lortzen laguntzea». Prestakuntzako kontratuaren aldaketarik nabarmenenak puntuz puntu laburbilduta ageri dira ondorengo lerrootan.
Gehienez 30 urte.
Prestakuntzako kontratua 30 urtera artekoei egin diezaiekete. Orain arte, 25 urtera artekoa zen prestakuntzako kontratua egiteko adin muga.
Hiru urtera arte.
Orain arte, prestakuntzako kontratua, gehienez ere, 2 urtera artekoa izan zitekeen. Erreforma berriarekin, hiru urtean egon daiteke gazte bat prestakuntzako kontratuarekin.
Beste prestakuntzako kontratu bat.
Hiru urte pasata, enpresak beste prestakuntza kontratu bat egin dezake, «beste jarduera edo zeregin baterako baldin bada». Erreformaren aurretik, prestakuntza kontratuaren gehienezko denbora tartea agortzen zenean, ezin zitzaion berriz ere prestakuntzako kontraturik egin.
Lanbide arteko gutxieneko soldata.
Hitzarmen kolektiboan besterik onartzen ez denean, kontratuak ezartzen duen soldata, lanbide arteko gutxieneko soldata izango du prestakuntzako kontratua daukan langileak.Hau da, lehenengo urtean 418 euro kobratuko ditu hileko, eta bigarren eta hirugarren urteetan, 513 euro. Enpresariak bere aldetik, Gizarte Segurantzan % 100eko beherapena izango du. Beraz, «ia doako kontratua dela esan daiteke kotizazioari dagokionean, eta oso soldata txikiarekin. Enpresariarentzat oso interesgarria», azpimarratu dute sindikatuek.
Martxoaren 29rako mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek
Sindikatuak bi taldetan banatuko dira martxoaren 29ko mobilizazioetan. Batetik, ELA eta LAB; eta bestetik CCOO eta UGT.
ELA eta LAB sindikatuek, eguerdiko 12ean, manifestazioa egingo dute Donostian. Arratsalde parterako utzi dituzte herrietako ekintzak: 16:30ean, solasaldiak egingo dituzte Beasaingo eta Urretxuko plazetan. 18:00etan edo 19:00etan, manifestazio bana egingo dute Beasainen eta Urretxu-Zumarragan (Oraindik ordua erabat zehazteko badago ere, Hitza egunkarian zehaztuko da eguna gerturatzen ari den heinean).
UGTk eta CCOOk, Donostian bi manifestazio egingo dituzte: eguerdiko 12:etan eta arratsaldeko 6etan.