Herriko gazteen arteko harremana ahula zela iritzita, hutsune hori bete nahian eratu zuten orain hilabete batzuk Lazkaoko Gazte Asanblada. Ordutik, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta gustura daude orain arte jasotako erantzunarekin.
Azkenaldian Gazte Asanbladako kideak beraientzako garrantzia berezia duen ekitaldia prestatzen aritu dira: lehendabiziko Gazte Eguna. «Orain urte batzuk egiten zen gazte festa Lazkaon, baina aspaldian ez, eta berreskuratu egin nahi izan dugu, gazteon arteko harremanak estutzeko balio handiko ekitaldia baita».
Guztira, hogeita hamarrenbat kideko taldea ibili da antolaketa lanetan. Zaharrenak 30 urte ditu, eta gazteenak 16. «Hori bera oso positiboa izan da guretzat, bilgune horretatik kanpora 30 eta 16 urteko gazteek ez baitute normalean harremanik izaten». Aurrerantzean, dena den, gauzak aldatzea espero dute, eta ilusioz beteta ari dira lanean.
Jada dena prest dute egun handirako, bihar, martxoak 24 egingo baitute Gazte Eguna. Gazte Asanbladako kideen hitzetan ekintza xumeak antolatu dituzte. «Zerotik hasi gara, eta ez dugu dirurik, beraz, aurrekontu gutxiko egitaraua prestatu dugu, baina aldi berean egitarau osatua dela iruditzen zaigu». Beste herrietatik Lazkaora joandako guztiak ongi etorriak izango direla diote, baina helburua, Lazkaoko bertako gazteak, adin desberdinekoak, inguratzea dela azpimarratu dute. «Gazteok gazteontzat antolatutako jaialdia da, eta elkarlanean arituta, ziur gaude datozen urteetan jarraipena izateaz gain, erreferentziazko eguna bihurtuko dela».
Gazte Egunerako elastikoak ere jarri dituzte salgai. Asmoa urtero ateratzea da, eta kolorea aldatuz joatea. Aurtengorako gorria aukeratu dute.
Gazte Eguna behin bukatuta, elkartzen eta ekitaldiak antolatzen jarraituko dute, Gazte Asanblada «dinamikoa eta ekintzailea» izatea nahi baitute. Zentzu horretan interesa duten guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera.