
Aspaldi ezagutu nizkian hedabideen bidez manipulatzeko o Chomskyk izendatutako 10 estrategiak, baina aste honetan berriro topatu dizkiat Zuzeun. Bederatzigarrena duk zer pentsatua ematen didana; horrela ziok: Norberaren erruduntasuna indartu. Hau da, sistemak manipulatzeko estrategia bat duk hori, eta neurri batean ados nagok. Baina bestalde, ezkerraren diskurtsoan oso ondo enkajatzen dik hori estrategia bat dela esateak, hau duk, norberaren erruduntasunaren eragina kolektiboan existituko ez balitz bezala egiten dik kritika ezkerrak, hain juxtu ere eskuinaren estrategia den zenbaki bihurtze horretan.
Ryanairekin hegan egin, Zaran arropa erosi, Taiwanen ekoiztutako HTC bat poltsikoan eraman, autoan bakarrik joan garraio publikoa erabili ordez… baina gero, krisi ekonomikoa, soziala, ekologikoa (azken hauek ere iritsi dituk, baina zenbaki gorritan neurtzen ez direnez paso egiten diagu), iristean, kexa duk geratzen zaigun erantzuna. Kexa, manifestaldiak, grebak… arazoaren zatirik ñimiñoena ere guk eragin ez bagenu bezala, ze badakik, sistemaren estrategia duk gu errudun sentiaraztea, gu ez gaituk errudun, hori inoiz ez. Hori ere ez al duk gure babes sistemaren mekanismoa, errua externalizatzea? Norbaitek esan zian gure baitan daudela biak, baina ezkerreko diskurtsoari entzunda, pairatzaileak bakarrik garela zirudik.
Aitor Sarriegi
Gaur hil dek Iñigo Cabacas Lizeranzu. Garai berriak bizi omen ditiagu gure herri honetan, eta pausoak emateko garaia nonbait. Hilabeteak dituk Ezker Abertzalea, han eta hemen, barruko jendea minduko duela jakinaren gainean, esfortzu handia eginez orain denbora gutxi harritu ere egingo gintuzketen hitzak esaten ari dela. Hilabeteak oraindik inongo erantzunik jaso ez duen mea culpa etengabean, edo, jasotzekotan, beti ere (Aste Santuan gaudek oraindik, eta lizentzia hartzen diat hitza erabiltzeko) penitentzia handiagoen eskakizunak jasoaz.
Chomsky eta norberaren erruduntasuna indartzea aipatu dituk. Ez zaidak astakeria handiegia iruditzen herri honetako indar politikoen diskurtsoak ere bide horretan doazela esatea. Geure errua behin eta berriro, gero eta indar handiagoz, etxekoak (eta asko sufritu dutenak eta oraindik ere sufritzen ari direnak) ia ukatzerainoko eskariak eginez, aitortzea omen dek demokraziarako bidea. Barka-eskea justizia aplikatzeko irizpide bezala hartzeraino.
Astebetean bigarren biktima dek Iñigo (ez ahaztu Gasteizen Xuban Nafarreteri greba egunean egindakoa), eta EITBren trataeratik hasi eta demokrata izenez autobataiatutako tiranoetara ez diat oraindik hain maite duten kondena hitzik entzun.
Nik ez zieat neurri bereko eskaririk egingo. Askoz gutxiagorekin konformatzen nauk. Bidegabeki ad-hoc sortutako legeekin emanda dauzkaten zigorrak kendu eta Rodolfo Aresen dimisioa gertatzen ari diren basakerien arduradun politiko gisan.
Eta hori egiten dutenean, orduan, hizketan hasi.