
Elikadura zaintzea, ariketa fisikoa egitea,ez erretzea… bultzatzen eta gizarteratzen ari dira Beasaingo Osasun Zentroa eta Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko erakundea.
Historian zehar, medikuntza gehiago arduratu izan da osasun arazoak sendatzeaz, gaixotasunak prebenitzeaz baino. Osasun arazoak botikekin sendatzeko joera dago, nahiz eta askotan, bizi-osasungarriarekin arazo edo gaixotasun asko konponduko liratekeen. Ildo horretatik, Beasaingo Osasun Zentroak eta Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko Eskualdeak, prebentzio arloari garrantzia handiagoa eman nahi diote, eta horretarako, Agindu bizitza osasungarria proiektua jarri dute abian. Beasainen, aitzindariak dira, Bizkaiko beste osasun zentro batekin batera. «Bizi-osasungarriaren ohiturak hartuta, osasunean irabaziko dugu: osasuna sustatu nahi dugu», diote.
Justo Mujika, Beasaingo Osasun Zentroko medikuak zehaztu duenez, bizitza osasungarria, elikadura osasuntsua izatea, ariketa fisikoa egitea eta tabakorik ez erretzean oinarritzen da. «Hiru elementu horiek kontuan hartzen baditugu, ohiko gaixotasun kronikoak %80 gutxitzea lortuko genuke».
Proiektua 18 urtetik gorako biztanleei bideratuta dago. Ekimenean parte hartu nahi dutenek, galdetegi bat bete beharko dute. Zegamako, Segurako, Idiazabalgo, Ormaiztegiko, Zeraingo eta Mutiloko kontsultorioetan; Beasaingo Osasun Zentroan; Beasaingo, Segurako, Idiazabalgo, Zegamako, Ormaiztegiko eta Olaberriako farmazietan; CAF eta Arcelor Mittaleko zerbitzu medikoetan; Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko Eskualdeko bulegoan; eta Beasaingo Antzizar kiroldegian eskura daitezke inkestak.
Jarduera fisikoari, elikadura orekatuari eta tabakoa erretzeko ohiturei buruzko 12 galdera erantzun behar dira. Behin galdetegia beteta, bakoitzaren mediku historialean sartuko dira datuak. «Oso garrantzitsua da informazioa Osabide programa informatikoan sartzea, horrela, programan parte hartzeko prest nor dagoen jakingo baitu medikuak, eta aholkuak emango dizkio», azaldu du Justo Mujikak.
Proiektuan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute Justo Mujikak eta Tomas Plazaolak. Izan ere, programaren parte hartzaileek lortuko duten osasun onurez gain, lortutako emaitzekin txosten bat egingo da, eta «txosten horrek erakutsiko ditu, bere ohiturak aldatu dituzten eta aldatu ez dituztenen arteko osasun aldeak».
Gizartea kontzientziatzeko lanean ari da Tomas Plazaola, Osasun Publikoko eskualdeko arduraduna. Horretarako, Beasaingo Osasun Zentroak hartzen dituen herrietan, eragile ezberdinekin elkartzen ari da bizitza osasungarriaren garrantziaz jabetzeko. Mujika medikuak argi dauka, kultura aldaketa horretan, gizarte osoa inplikatu behar dela.
Tomas Plazaolak azaldu duenez, Eskualdeko Osasun Publikoa ikastetxeekin lanean ari da, txiki-txikitatik ohitura osasungarriak txertatzeko. Esate baterako, eskolara oinez joateko proiektuak sustatzen ari dira. «Gizarte kultura aldaketa bat eragin nahi dugu, gure burua zaintzen, gure osasuna zaintzen ikasteko. Txiki-txikitatik hasi behar gara», azpimarratu du.
Gizartea kontzientziatuta dagaola uste bada ere, herritarrek betetako inkesten emaitzak ikusita, «zerbait egin beharra» dagoela uste du Mujikak. «Ariketa fisiko arina, elikadura osasungarria eta tabakorik erretzen ez dutenak zenbat direla uste duzu? %2 bakarrik dira. Oso gutxi da. Gezurra dirudi!», dio kezkati Beasaingo medikuak.
Eguneroko jarrerak aldatuta, emaitza onak lortzen direla diote. Ariketa fisiko gehiago egiteari begira, hainbat aholku edo adibide eman dituzte: etxeko eskilarak oinez igotzea, eskolara oinez joatea, edo autoa urrutirago aparkatu eta lanera joateko oinez gehixeago ibiltzea.
Ohitura aldaketa horren barruan, herrietan dauden baliabideak aprobetxatu behar direla diote. Kiroldegiak adibidez. Ildo horretatik, Beasaingo Udalak eta Antzizar kiroldegiak bat egin du bizitza osasungarriaren filosofiarekin. Bizimodu Osasuntsu Programaren aldeko apostua egin dute. Era horretan, Beasaingo Osasun Zentroa eta kiroldegia elkarlanean ari dira. Kontsulta zerbitzu pertsonalizatua jarri du Beasaingo Kirolaren Udal Fundazioak, dohainik, herritarren jarduera fisikoa planifikatzen laguntzeko, programa erabiltzaile bakoitzaren neurrira egokitzeko, eta baita egiteko aukerak edonori errazteko. Osasun Zentroko medikuen koordinazioarekin egingo du jarraipena Fran Carmona kirol teknikariak. Gustura dago Mujika medikua baliabideak aprobetxatzeko modu horrekin. «Konfiantza handia ematen digu, badakizu han ondo lagunduko diotela».