
Eneko Agirrezabal Gipuzkoako kros txapelduna da, eta txapeldunordea Euskadiko kros motzean.
Umetatik parte hartu du krosetan Eneko Agirrezabalek (Segura, 1986). Azken hiru urteak, ordea, zapatilak jantzi gabe egon behar izan du, aldakako lesio baten erruz. Neguko denboraldi bikaina egin du, eta orain, pistan aritzeko garaia heldu zaio.
Zergatik hasi zinen krosetan parte hartzen?
Eskolan kirol askotan parte hartzen nuen. Gogoan dut, Laiotzen ikasten nuenean, zortzi kirol ere egiten nituela; baina aita korrika ibiltzen zen eta berak bultzatuta serioago hasi nintzen atletismoan, anaiarekin batera.
Zer nahiago duzu, krosa edo pistako lasterketak?
Nahiago krosa, baina pistan ere ondo moldatzen naiz. Ezberdinak dira, pistan denborak hobetzea izaten da helburua, bizkortasuna; krosean, berriz, aurkariari irabaztea. Krosean baldintza asko hartu behar dira kontuan, eta irabazteak ez du esan nahi onena zarenik, aurkariak egun txarra izan dezakeelako, adibidez. Baina pistak egia esaten dizu, ondo edo gaizki egin duzun.
Krosean maila altuko korrikalariei irabazi diezu. Hiru urte geldi egon ondoren, poza bikoitza izan al da?
Zure aurretik ibili direnen parean jartzeak motibatu egiten zaitu, eta poza ere handia izaten da. Bueltatzen banintzen ondo aritzeko esperantza banuen, asko entrenatu dudalako eta entrenamenduetan ondo ikusi dudalako nire burua.
Entrenamenduak non egiten dituzu?
Zegama eta Mutiloa aldera joaten naiz, bide lauak dira eta hori behar dut nik. Pistarako, berriz, Ordizian entrenatzen dut Txindoki taldearekin. Jon Etxeberria da gure entrenatzailea.
Orain pistan aritzeko garaia da. Zein helburu dituzu?
1.500 eta 5.000 metroko probak egin nahi ditut. Orain arte ez dut 5.000 metrokorik egin, baina krosarekin antza du eta probatu egin nahi dut. Gainontzean aparteko helbururik ez dut, 1.500ekoan denbora hobetu, eta, gero, urtez urte eta lasterketaz lasterketa joan nahi dut. Ez naiz profesionala, eta helburua ere ez da hori.