«Urretxun biziko ez banintz, Buztuntzan biziko nintzateke»
Gemma Sanchez (Zaldibia, 1968) Goierriko lau herritan bizi izan da: 4 urte bete zituen arte Zaldibian, 21 urte bete zituen arte Ordizian, ondoren sei urte Zumarragan eta azken 30 urteak Urretxun. Duela 6 urte Iparragirre kaleko okindegian lan egiten hasi zen, eta orain gutxi okindegia hartu du. Oso gustura dago. Aisialdian mendira joatea, korrika egitea eta lo egitea gustatzen zaio.
Mendi bat?
Irimo, Zazpi Puntak, Urbia… Eta Txindoki, noski.
Pelikula edo telesail bat?
Barre pixka bat egiteko, Ocho apellidos vascos. Nire familia gogorarazten dit. Izan ere, nire aita Sevillakoa (Espainia) zen eta nire ama Aizarnazabalgoa.
Liburu bat.
Tomates verdes fritos. Nire gaztaroan irakurri nuen lehen liburua da, hainbat saiakeraren ondoren.
Musika talde edo abeslari bat.
Cafe Quijano, Hombres G, La Oreja de Van Gogh, Chayanne… Dendan Los 40 principales jartzen dut, girotzeko.
Oporretarako leku bat.
Ez gara beti toki berera joaten. Mendian ibiltzeko eta hondartzara joateko aukera ematen duten toki politetara joatea gustatzen zaigu.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta opilak. Egunaren arabera, era batekoak edo bestekoak.
Kolore bat.
Arrosa.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire seme-alaben jaiotza egunak. Eta gure ezkontza eguna. Aurten 37. urteurrena ospatu dugu dagoeneko.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ustekabean harrapatzen nautenak.
Amets bat.
Bakean eta lasai bizitzea, osasuntsu.
Bizitzako plazer txiki bat.
Paseatzea, familiarekin eta lagunekin planak egitea, atseden hartzea…
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendi.
Urretxun biziko ez bazina…
Ordiziako Buztuntza auzoan, han hazi bainintzen nire lau anai-arrebekin. Oso oroitzapen politak ditut. ■

