Luis Malkorra (Zegama, 1994) eta Oihana Arizkorreta (Zegama, 1994) Zegama-Aizkorri Junior Trail, gazteentzako prestatu duten Zegama-Aizkorri proba berrian aterako dira.
Honen antzeko probetan ibiliak al zarete noizbait?
Luis Malkorra: Bai. Aita eta ama oso kirolariak dira, eta txikitatik asko ibili izan naiz mendian. Mendi proba batzuk ere egin izan ditut: Peña Oroelgoa, Orozkokoa, Hechokoa…
Oihana Arizkorreta: Niri beti gustatu izan zait mendia, baina halako proba batean parte hartzen dudan lehen aldia da.
Nola erabaki zenuten proba honetan parte hartzea?
O.A.: Aspaldi nuen halako proba bat egiteko gogoa, eta Luisek eta Laida Ormazabalek animatu ninduten. Gainera, herrian halako zerbait antolatuta, parte hartzekoa iruditzen zitzaidan.
L.M.: Ni aspaldian nengoen proba honen zain. Alberto Aierberekin eta Salomon-ekoekin harreman ona dut eta banekien proba hau egitekotan zirela noizbait. Jakin nuen orduko eman nuen izena.
Ze ibilbide egin beharko duzue?
L.M.: 10,4 kilometroko ibilbidea da, maratoikoaren kontrako norantzan: Arrieta Haundi aldera, Hospital Haundira, errepidea gurutzatu eta Tunel Haundira, handik Kanal Haundira, eta han maratoi nagusiko bidearekin batuko gara, baina goraka hartu partez beheraka joango gara gu. Hortik aurrera, bukaerako zatia, maratoikoaren berdina da.
Leku handietatik ibiliko zarete orduan derrigor!
O.A.: Bai-bai! [Barrez]. Kasualidadea ere bada izenena!
Eta nola ari zarete entrenatzen?
O.A.: Ahal dudanetan korrika egitera joaten naiz; eguraldi ona egiten duenean probako ibilbidea ere egiten dut batzuetan. Beste batzuetan ibilbide motzagoak egiten ditut. Azkenaldiko eguraldiarekin gainera… Bizikletan ere ibiltzen naiz, izterrak gogortzeko.
L.M.: Larunbatetan eta igandeetan bizikletako karrerak izan ohi ditut. Igandean karrera badut, astelehen edo asteartean ibilbidea baino pixka bat gehigo egiten dut normalean. Gainerako egunetan bizikletan entrenatzen dut.
Nola ikusten duzue zuen burua probarako? Helburu zehatzik ba al duzue?
O.A.: Bukatzea behintzat! Ez dut sekula halako karreretan parte hartu eta, gainera, ez dut kontrolatzen kanpotik datozenek zer maila izango duten.
L.M.: Nik bidea ongi ezagutzen dut eta partehartzaile batzuk ere bai… Ondo ikusten dut nire burua eta aurreneko postuetan sailkatzea da nire helburua.