Samiño edo Iruarrieta mendiak xarma berezia dauka; altuera handirik gabe, tontorretik ikuspegia paregabea da.
Azkoitia, Azpeitia eta Zumarraga arteko mugan dagoen Samiño edo Iruarrieta mendira, Zumarragako Agiñaga auzotik abiatuko gara, Agiñabarrena eta Muxika baserri arteko bideari jarraituz.
Muxika baserria igaro, eta ezkerrerantz egiten duen bidea utziko dugu. Bidegurutzean mugarri batek Oletarako norabidea adieraziko digu. Laster egingo du bideak ezkerrera, eta lehenengo maldak aurkituko ditugu.
Lizar ederrek zaindutako korridore batean barrena igoko gara. Aurrerago, haritz zaharrak ikusiko ditugu eta, aurreraxeago, pagadi txiki batek hartuko gaitu. Ondoren, bideak eskuinera egingo du nabarmen, pinudi batean barneratzeko. Ezkerrean utziko dugu haritz zahar baten ondotik abiatzen den zidorra.
Pinudiaren erdialdean, bideak ezkerrera egiten duenean, Elorrietako tumulua aurkituko dugu. Sasi artean badago ere, plakatxo batek jakinaraziko digu historiaurreko hilobi baten aurrean gaudela. Pinudia bukatu eta argiune batera iritsiko gara. Udaberrian loratutako otaloreek horiz jantzitako zelaietan zehar gora egingo dugu.
Ezkerrera bidaliko gaitu pistak eta, aurrera eginda, bidea leundu egingo da. Ezkerraldera alertze basoa ikusiko dugu hasieran; ondoren, Irimo alderako ikuspegi zabala irekiko da. Horrela, Oleta mendira (756 metro) iritsiko gara. Oleta izeneko tumulua eta aterpetxea ikusiko ditugu bertan. Aterpetxe ondoan, mugarri batek Samiñorako norabidea adieraziko digu.
Mendikateari jarraituz, burdin erromara edo langa igaroko dugu, ezkerraldean Izarraitzeko bista paregabea daukagula. Egurrezko beste erromara bat zeharkatu, eta pinuek eta elorriek babestutako artzain borda bat ikusiko dugu ezkerraldean. Mendilerroa jarraituz, gora egingo dugu. Iruarrieta bat trikuharriaren ondoan abiatzen den bidezidorra hartu, eta laster izango gara Samiñoko talaian.
Luzera: 5,7 kilometro
Denbora: 1 h, 30 min.
Altitud max: 932 metro.
Desnibela: 389 metro.
Zailtasuna: Erraza
Ibilbidea iruditan