Irailaren 27an bi urte beteko dira Haizea San Sebastianek (Beasain, 1989) Beasain utzi eta Eskoziara, Invernessera, joan zela, ingelesa ikastera. Gaur egun, Edinburgon bizi da.
Nolatan erabaki zenuen Eskoziara joatea?
Unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean, Finlandiara joateko asmoa neukan. Irakaslea naiz eta Finlandiako hezkuntza sistema aurreratuagoa dagoenez hara joatea erabaki nuen. Baina gauzak ez ziren nik espero eta nahi nituen bezala atera. Orduan, inglesa ikastea pentsatu nuen, eta horretarako erarik hoberena inglesez hitz egiten duten toki batera joatea da. Beraz, au pair joan nintzen Eskoziara, Inverness-era.
Denbora asko egin al zenuen au pair? Azalduko al zenuke au pair bezala zer egiten zenuen?
Ia urtebete, 2010eko irailetik 2011ko abuztura arte, Invernessen egon nintzen au pair moduan. Au pair zer den ez dakitenentzat, esan, au pair ume zaintzaile bezalako bat dela. Familiaren etxean bizi nintzen. Nik umeak zaindu eta astean behin etxea garbitu behar izaten nuen. Horretaz aparte ingleseko eskoletara joateko eta lagunekin geratzeko aukera ere izaten nuen.
Gaur egun zertan ari zara?
Orain, berriz, Edinburgon ikasle pisu batean bizi naiz. Goizetan ingleseko eskoletara joaten naiz, eta arratsalde batzuetan lana egiten dut. Asteburuetan, berriz, lagunekin gelditu, parrandatxoak egin, irteerak egin ingurua ezagutzeko… Betikoa.
Eskozian, autodeterminazio erreferenduma egitekotan dira 2014an. Zein giro bizi da?
Egia esan, ez dut asko nabari, iritzi desberdinak baitaude. Nire lagun gehienak atzerritarrak dira, ez dut bertako lagun askorik. Hala ere, bertakoekin honetaz ez dugu asko hitz egiten, haserrerik ez izateko.
Goierritik atera zinenean, zer egin zitzaizun gogorrena?
Bakartasuna egin zitzaidan Gogorrena. Inverness-era iritsi nintzenean nire ingeles maila oso bajua zen. Gramatika arloa banekien, baina egia esan, hitz egiterako orduan eskasa zen nire ingelesa. Familiarekin oso gustura nengoen, baina bakarrik nengoenean, familia eta lagunak faltan somatzen nituen. Azkenean buelta ematea lortu nuen: lagunak egiten hasi nintzen, klasera joaten,… eta familiak ere asko lagundu zidan. Uste dut lehenengo hilabetea dela okerrena, gero askoz ere hobeto.
Sarri itzultzen al zara Goierrira?
Ez, Gabonetan eta udan bakarrik bueltatu naiz, eta ez denbora luzerako. Gainera, gurasoak, ahizpa edo lagunak etorri izan zaizkit bixitan.
Bizi zaren lekutik zer ekarriko zenuke Goierrira?
Hemendik, hemen ezagutu dudan jende guztia, eta hiria bera. Baita hemengoen adeitasuna ere, oso atseginak dira, eta beti irripar batekin laguntzeko prest daude.
Eta Goierritik zer eramango zenuke?
Ahal izango banu janaria, batez ere barazkiak eta fruta. Eguraldia ere bai.