Lazkaoko monumentuak eta mendiko historiaz beteriko altxorrak, itzulian.
«Nire sehaska oraindik ere, gordea daukat goguan/ neronek ere zail da esaten, zenbat maitatutzen nuan/ bere gainean ibiltzen niñun, txoritxo baten moduan/ karga handirik ez nuen eta, aisa jasotzen ninduan». Joxe Migel Iztuetaren bertsoa da, sehaskari botatakoa. Lazkao Txikiren sorleku Abalinzaharren albotik igaroko gara, hain zuzen, Lazkaoko plazan hasi eta amaituko dugun ibilian, Lazkaomendin barrena.
Plazatik Senperera bidegorrian joan, eta Lazkaomendiren ertz batetik sartuko gara, CAFen lantoki ertzetik gora. Iztueta esnetegiaren barrenera eramango gaitu pistak, eta errepideak Lartxai elkartea dagoen muinoaren gailurrera.
Eskolatarako II. Errepublikan eraikia da eraikina, Lartsari gainean. Beheko aldean iturria eta hiru koadroko frontoitxoa ditu.
Lazkaomendin, begi-bista gozatzeaz gain, sabela betetzeko bi jatetxe ere badira. Soziedadetik gorantz, larreen erdiko bidetik joko dugu, Gurutzeagaetxeberri, Atxubieta eta Abalinzaharrera (364 m). GR-20 ibilbideko gurutzean, aurrera segiko dugu, iturri ondotik.
Enirio-Aralar mankomunitateko parte zen Intsustiko Batasun zaharrean gaude. Lazkao, Ataun eta Zaldibiaren lur komuna zen, 1413an sortua. 1838an desegin zuten erakundea, eta lurrak banatu. Udalerri bakoitzak irla moduko sailak mantentzen ditu oraindik, bestearen erdian nahas-mahas.
Ezkerreko bidetik, basopean, Intsustiko Batasunaren batzarrak egin ohi zituzten Amundarain baserrira (Ataun) iritsiko gara Abalinzahartik, Iramendiren (476 m) magalean.
Sukiara asfaltatutako bidetik jaitsi, eta berehala eskuinera helduko diogu. Pistan sigi-sagaka behera, Agauntza ibaira iritsiko gara, Ataun-Lazkao herribide edo Naparbidezarrera.
Iribetxikiko presan errotako ubidea eta ataka dago. Iribeaundiren alboan, San Joan ermita. Antzinako gurutze-bidean egingo dugu azken kilometroa, plazaraino; harrizko bi gurutze eta auzoaren izena dira azken aztarnak.
Lazkaon bira
Luzera: 9,2 kilometro
Denbora: 2 h, 45 min.
Altituera max: 392 metro.
Desnibela: 240 metro.
Zailtasuna: Ertaina
]