
Oianguren parkeko itzulia egitea herrigunetik ihes egin eta ikusmira ederrekin gozatzeko aukera polita da.
Ordiziako kaskoa bera izan zitekeen abiapuntua, baina ibilbidea Altamira estadioan hasi eta bukatzea da hartutako erabakia. Altamira auzorantz eskuin aldetik hartu, eta orain pare bat urte berritutako pasealekutik zeharkatuko dugu auzoa. Bidea bukatzean eskaileratxo batzuk igo, eta Mallutz industrialdearen kontra doan bideari segiko diogu.
Laburra eta erosoa da bidearen zati hori, ordiziar askoren ohiko ibiltokia. Goiekiren azken bulegoa pasatzearekin bat, berrogeita hamar bat metro inguruko aldapa pikoa dago, eta behin hura igota, bideak eskaintzen dituen bi aukeretako bati heldu behar zaio: ezkerrean sumatzen den bidezidorra hartu, edota aurrera segi suhiltzaileen parkera iristeko.
Bidezidorretik gora egingo dugu oraingoan igoera. Garoak bazterrak zertxobait estaltzen baditu ere, segituan antzemango dugu parkearen gertutasuna. Behin gora igotakoan, Oianguren-Handi baserriarekin egingo dugu topo parez pare. Garai batean aterpe eta jantoki izandako baserri zahar hori utzi antzean dago aspaldian –barrutik batez ere–, eta gaurko egunean golf proiekturako altxatutako eraikin batean ematen diete jan-edan zerbitzua bisitariei. Bistak ederrak dira; alde batean Aralar eta bestean Aizkorri. Eta bertan, dozenaka mahai eta hainbat jolasleku.
Taberna ondoko bideari aurrera jarraituz, Oianguren-Txiki baserrirantz doan PR-GI-002 bideari helduko diogu Etxaburuko soroa atzean utzita. Baserri horixe da ibilbideko gunerik garaiena, 291 metro. Lazkaomendi aldera jo daiteke bertatik, baina porlanezko bideari segiko diogu bidegurutzeraino heltzeko. Bidean behera ailegatuko gara atzera Altamirara.
- Oianguren parkeko mahaiak.
- Oianguren parkeko jolaslekuak, eta atzean Usurbe.
- Oianguren parketik igarotzen den bidea.
- Oianguren parketik Oianguren-Txiki baserrirantz doan bidea.
- Altamira auzotik Oianguren parkera aldera jotzeko seinalea eta bidea.
- Oianguren parkeari izena ematen dio Oianguren-Handi baserria.
- Oianguren parkera doan bidea, Mallutz industrialdearen goiko aldean.