Ikasketa amaierako hirugarren proiektu onenaren saria jaso du Ibon Altunak mekanizazioaren antzeko soldadura prozesua garatzeagatik.
Ibon Altuna Ikaztegietan jaio zen 1989an, baina egun Beasainen bizi da. Ordiziako Goierri Eskolan egin zituen batxilergoko ikasketak, eta Goierriko Mondragon Unibertsitatean, berriz, Ingeniaritza Tekniko-Mekanikoko ikasketak egin ditu. Azken ikasketa horretako urte amaierako proiektuarekin jaso du hirugarren saria VIII. Felix Sopelana Memorialean. Une honetan Ingeniaritza Industrialeko masterra egiten ari da. Proiektua egiten lagundu zuen Aitor Zuriarrain tutoreak ere sari jaso du Altunaren sariaren harira.
Zer da sari hau?
Ikasketa amaierako proiektuak aukeratzen dituzte Mondragon Unibertsitatean eta EHUn, eta aukeratutako horien guztien artean egiten da aukeraketa. Gipuzkoa mailan ematen den saria da Felix Sopelana Memoriala.
Eta, denok ulertzeko moduan, zertan oinarritu duzu zure proiektua?
Frikzio bidezko soldadura mota bat da landu dudana. Orain soldadura gehienak arku bidezkoak izaten dira, eta nik aztertu dudana, fusiorik gabeko soldadura da… esplikazen ere ez da erraza [barrez].
Hitz gutxitan, mekanizazio prozesu baten antza duen soldadura prozesua da.
Eta non garatu duzu proiektua?
Ingeneritza Teknikoko karrerako Mondragon Unibertsitateko Goierriko Eskolan ikasi nuen. Karrera horretako azken urtean zehar praktikak egiten dira enpresa ezberdinetan, eta nik Lorteken egin ditut. Praktikak egiten ditugun enpresetan euren onerako edo ondo datorkien proiektu bat garatzen da, eta hauxe izan zen nire proiektua egin nuen enpresa. Iazko irailetik uztailera bitartean egin nuen.
Eta zer onura ekartzen du prozesu honek?
Makineria handia eta garestia behar du prozesu honek, baina behin prozesua ondo definituta dagoenean automatizatzeko aukera ematen du; ez du esku-lanik behar, alegia.
Nola hartu duzu saria?
Oso gustura; egindako lanak zerbaitetarako balio duela ikusteak asko poztu nau.
Zein da saria?
Diploma bat, kopa bat eta 300 euro eman dizkidate. Diru saria oso ondo etortzen da [barrez].
Zurekin batera, Aitor Zuriarrain zure irakasleari ere, sariren bat eman diote lehiaketa horretan, ezta? Zergatik?
Bai, lehenengo hiru proiektu sarituetako ikasleen irakasleei ere saria ematen diete. Nire kasuan, nire proiektuaren tutorea izan zen Aitor Zuriarrain.
Bide batez, eskerrak eman nahiko nizkioke Zuriarraini, lan egiteko eragiten aritu zelako, guri laguntzeko egin zuen lanagatik eta proiektuan zehar eman digun laguntzagatik. Tratu ona daukagu elkarrekin.