
Azken aldian, Goierri inguruetan, japoniar bat dabil dantza, herri kirol edo pilota ekitaldiak bere kamerarekin grabatuz; baita azoketan edo herrietako bazterretan argazkiak ateraz ere. Etsuko Mii da bera, Nagoyako Sugiyama Jogakuen unibertsitateko irakaslea, eta Lazkaon dago hiru hilabeterako unibertsitaterako lan bat egiten.
Sugiyama Jogakuen unibertsitateko irakaslea zara. Zein da zure lana?
Giza harremanen zientzia fakultatea da gurea, bertan jarduera fisikoa eta gorputzaren kultura irakasten dut hainbat kirolen bidez: boleibola, tenisa, badmintona, mahai-tenisa eta garrantzi berezia duen yoga. Europan gorputza eta arima bereizten den bezala, guk ez ditugu bereizten. Guretzat dena gorputza da, eta gorputza bere osotasunean lantzen dugu: giza harremanak nola garatu jarduera fisikoaren bidez. Kirola, soziologia eta giza harremanak lantzen ditugu, baina nire atala kirol jarduera da.
Nondik sortu zitzaizun euskal kultura ezagutzeko jakinmina?
Hainbat unibertsitatetako irakasle taldea elkartzen gara lanerako, eta hor badago Euskal Herrian hainbat aldiz egon den kide bat. Haren bidez banekien hemen ezaugarri bereziak dituen kultura bat dagoela, kirol tradizionalak mantentzen direla… Orain arte ezagutzen dudan euskal kultura bideotan ikusi dut, eta dokumentatu ere egin naiz. Beraz, hori dena bizitzera eta ikustera etorri naiz.
Unibertsitatean, urtean irakasle bati edo biri diru-laguntza ematen zaie, atzerrira joan eta beste kulturei buruz ikasiz, beraien formazioa hobetzeko. Laguntza hori eskatu nuen, eta onartu egin zidaten, eta hori dela eta hiru hilabeterako etorri naiz Euskal Herrira. Zorte handia da laguntza hori lortzea, eta oso pozik hartu nuen.
Euskal kulturaren zein alor interesatzen zaizu?
Jendeak, egunerokotasunean, kirolaren kultura eta festa nola bizi dituen interesatzen zait batez ere. Herri kirolak, pilota… kirol tradizionalak interesatzen zaizkit, Japonen ez baitago kirol tradizional asko. Hemen, aldiz, asko mantendu dira bizirik, eta horrek ikerketarako aukera gehiago ematen du. Euskal tradizioaren barruan, batez ere, dantzak eta pilota ari naiz ikertzen.
Euskal kultura aztertzeko garaian, zergatik aukeratu duzu Lazkao?
Orain 5 urte irakasle talde bat Gasteizen izan ginen Japongo eta Euskal Herriko unibertsitateko irakasleen jardunaldi batzuetan. Hor egin nituen lehen kontaktuak, eta Axier Oiarbide irakasle lazkaotarrarekin dudan harremanaren ondorioz nago hemen.
Hezkuntza Fisikoaren fakultatea Gasteizen badago ere, nahiago izan dut herri txikiago batera etortzea. Hiri handietan jende nahasketa handiagoa da. Lazkaon eta inguruan, aldiz, euskal kultura tradizionala biziago dago. Gaztelerarik eta euskararik ez dakit, eta lagunen babesa ere aurkitu dut Lazkaon.
Beste nonbaiteko kulturarik aztertu al duzu?
Bai, 2003. urtean, urtebetez izan nintzen Alemanian. Bertan ere gorputzaren kultura aztertzen aritu nintzen.
Hain kultura desberdinetik datorrenarentzat, ez al dira berdintsuak Alemaniako eta Euskal Herriko gorputzaren kulturak?
Nik bizitakoaren arabera, oso desberdinak zarete. Alemaniarrak gizon handiak dira eta konfiantza edo segurtasuna adierazten dute oinez dabiltzanean. Euskaldunak askoz ere erlaxatuago ibiltzen zarete, lasaiago, irekiagoak zarete. Euskalduna komunitatean, lagun artean, bakean bizi da, harremanetarako irekiago. Alemanian gizartea itxiagoa da, beraien bizitza pertsonala besteengandik babesten dute.
Eta zein da japoniarren eta euskaldunen arteko desberdintasuna?
Japoniarrak oso azkar ibiltzen gara. Hemen daramadan denboran nire ibiltzeko jarrera aldatu egin da. Japonen gerriz gora pixka bat aurrera okertuta ibiltzen gara, buruak hankek ahal dutena baino azkarrago joan nahiko balu bezala. Hemen, berriz, zuzenago ibiltzen naiz, zuek egiten duzuen antzera, hankak eta burua bateratuago ibiltzen ditut. Hori oso garrantzitsua da niretzat.
Zein da zure eguneroko bizitza Japonian?
Oso goiz jaikitzen naiz, 4:30ak 5:00ak aldera. Bederatzietan eskolak ematen hasi eta arratsaldeko bostak arte aritzen naiz. Ondoren bilerak egin, hurrengo eskolak prestatu… zortziak aldera arte egoten naiz fakultatean. Hilean asteburu batean edo bitan ere hitzaldiak edo bilerak izaten ditugu unibertsitatean.
Eta zein da zure eguneroko lana Lazkaon?
Ahal dudan ekitaldietara joan eta bertan bideoak grabatu eta argazkiak ateratzen ditut. Ondoren, etxean, egunerokoa idazten dut. Bildutako dokumentazio guztiarekin lan bat prestatuko dut unibertsitateko bilera akademikoetan aurkezteko, eta egunen batean liburua argitaratzea espero dut. Momentuz, 200 orritik gora idatzi, 5.000 argazki atera eta 96Gb bideo grabatu dut.
Dantzaren eta pilotaren zein arlo aztertzen dituzu?
Ez zait kirol lehiaketa interesatzen. Baizik eta, herritarrak nola bizi duen, nola gozatzen duen. Japonen eguneroko bizitzan ez da kirol tradizionala bizitzen eta gozatzen, hemen, berriz, bai. Hori interesatzen zait. Adibidez, ekainaren 23an haurren arteko pilota txapelketako finala jokatu zen Lazkaon. Bertan zuriz jantzitakoen jokoa baino gehiago interesatzen zait, pilotalekuaren atzeko aldean jolasean ari ziren haurren jokaera aztertzea. Dantzan berdin, San Joan bezperan suaren inguruan dantza egin zuten dantzariek, baina, bukaeran ikusleek ere dantzan parte hartu zuten, eta niri azken hori interesatzen zait. Jendeak kirol edo dantza tradizioa nola bizi duen aztertzen dut.
Zerk harritu zaitu gehien Euskal Herrian?
Astebururo lagunak elkartu, eta tabernaz taberna ibili ondoren elkarrekin afaltzera joatea. Eta lagun arte horretan, gurasoak eta haurrak elkarrekin ibiltzeak ere harritu nau. Bertako natura, jendea, janaria ere asko gustatu zait, eta egunero esperientzia berriren bat bizitzen ari naiz.