Udaberria eta uda festarako garaia izaten da Euskal Herrian, baita Goierrin ere. Harremanak estutu eta elkar hobeto ezagutzeko egunak dira festak.
Ondo dakite hori Zaldibian. Izan ere, jada asteburuan ospatu diren Gazte Festak 15 urte bete dituzte aurten. Orain urte batzuetako San Joan bezperan hasi zen ideia ernaltzen. Zaldibiako Gazte Asanbladatik azaldu dutenez, «gazteak elkartzeko zegoen beharrak bultzatuta hasi zen lanean gazte kuadrilla bat».
Hasierako helburu nagusia gazteak elkartzeko leku bat bilatzea izan zen. «Lortu dugula esan liteke, gaztetxea hor baitaukagu», dio Gazte Asanbladak.
Baina helburua haratago zihoan. «Bai orduan eta baita gaur ere, gazteen arteko komunikazioa bultzatzea izan da asmo nagusia, baita herri giroa lantzea ere, herria bizirik mantentzeko», gaineratu dute gazte asanbladako kideek.
Zaldibiako Gazte Asanbladak urte guztian zehar antolatzen dituen ekintzetatik beste bat dira Gazte Festak. Herriko jai nagusiak, Santa Fe jaiak, udazkenean ospatzen dituzte, eta uda partean herrian festarik ez zegoela eta zerbait antolatzea «ideia ona» izan zitekeela pentsatu zuten orain 15 urte.
Festak ondo pasatzeko ere antolatzen direnez, «ezinbestekoa da» gazte asanbladarentzat guztiei antolaketan parte hartzeko aukera ematea, «jaiak herritik herriarentzat» egiten dituztelako.
Urteen joanean gauzak aldatu, aldatu direla aitortzen du Irastortzak, «hasierako helburua beteta, orain herria bizirik mantentzea» bilatzen dute. Egitarauan ere berrikuntzak sartzen dituzte urtero. Eta aurten hamabosgarrenak direnez, abesti bat ere egin dute urtemuga ospatzeko.