Donejakue bidean, historia, natura eta artzantza uztartuta, Olaberria eta Idiazabal lotu daitezke pausoz pauso. Lazkaotik datorren bideak bat egiten duen biribilgunetik gora, Olaberriako Errekalde auzoko etxebizitza dotoreen aurretik igarota, hasten da Idiazabalerainoko bidea. Donejakue bideko erromesen bidetik aurrera eginda, gezi horiak izango dira bide zuzenaren seinale, helmugara iritsi arte, Gaztaren Ibilbideko Segura eta Ordizia arteko zatiarekin bat eginez.
Olaberria atzean uzten hasita, belardi zabalen erdian doan bidean aurrera jarraituta, Aranguren Azpi eta Itxaro baserrietarako bidea albo batera utzi eta gezi horiari jarraituta pinudi albotik jarraitu behar da aurrera, Ojarbi jauregirantz. Historia handiko eraikina da Oiarbide, jauretxe izandakoa, eta egun, oraindik, garai haien aztarnak ia aldatu gabe mantentzen dituena. Gora-beheradun bidea da, aldapa laburretan gora eta behera eginez egiten baita aurrera; zailtasunik gabekoa da, ordea.
Ojarbi atzean utzita, larre berdeen albotik jarraituz, Ferminenea baserri albotik jarraitzen du ibilbideak, Domingo Goiburu artzainaren baserri ataritik. Aurrera jarraituta, antzarren, oiloen eta antxumeen albotik igarota, Florentino Goiburu bertsolariaren errimak idatzita dituen iturrian eztarria bustitzeko aukera dago, handik Barrenekoa baserrira jarraitu ahal izateko.
Barrenekoa ondoan ezkerrera hartu behar da, Gaztaren Ibilbidean aurrera egiteko. Asfaltoa zapaltzeari utzi eta lurrezko bidean jarraitu behar da artzain txabola bateraino, han eskuinera hartu eta aldapa gora Gurutzetako Amaren ermitara iritsi arte. Albitsu baserritik aurrera, maldan behera Idiazabalgo herri kaskoaren sarreran amaitzen da ibilbidea.