Izen bereko atsedenleku bana dute Legorretak eta Ikaztegietak: Kutturru. Gainetako ikuspegia, berriz, ederra da.
Legorretako plazatik ekingo diogu bideari. N-1 errepide zahar aldera hartu eta erdibidean geratzen den Koate auzoa adierazten duen bidea hartu beharra dago. GI-3521 asfaltozko bideari goraka jarraitu behar zaio. Bidean goazela hilerrirako bidegurutzea ezkerretara utziko dugu, eta eskubi aldera, berriz, Santa Ana ermitara ematen duen bidea.
Goraka-goraka, AHTaren lanak egiten ari direla sumatuko dugu, baina gorantza jarraituko dugu, harik eta Basabeko bidegurutzean Mujuri baserrira doan bidea hartu arte. Hormigoizko bidean gora eginez, ibilbideko gunerik garaienera iritsiko gara (295 metro). Orain artekoarekin alderatuz, oso bestelakoa da bista gain horretatik. Zelai berdeak oinpean ditugula, Ibiurko presa eta Txindoki mendiaren eta Aralarren ez-ohiko irudia begiztatzeko aukera izango dugu.
Goi tentsioko dorre bat eskuin aldera dugula, eta ezkerrera AHTaren tunel baten lanak, beheraka egingo dugu hormigoizko bidean. Ordekan egingo ditugu metro bakan batzuk, eta Mujuri baserria ezker aldera utzita, pista-lege batean behera egingo dugu, Kutturru atsedenlekura ailegatu arte. Harizti batek estaltzen duen paraje horretan, otorduren bat egiteko mahai batzuk daude, eta baita iturri bat ere.
Atsedenlekutik ezkerrera zabaltzen den bidexka batetik, Kutturru izeneko bigarren atsedenlekura iritsiko gara, bost minutuan. Ikaztegietako lurretan dago hori. Hemen ere mahaiak eta iturriak daude, eta baita sorgin-orratzak egoten diren putzu artifizial bat ere. Asfaltozko bidean behera eginez, atzera Legorretara eramango gaituen bidegorrira iritsiko gara, Bentzuntzibar baserri parean.