Nerea Garrido (Zumarraga, 1978) gaztea da oraindik, baina dagoeneko urte asko daramatza jaioterritik kanpo. Lehenengo. Ingalaterran bizi izan zen, ondoren, Australian, eta egun, Suedian.
Noiz atera zinen Zumarragatik kanpora?
2001eko urrian irten nintzen herritik, eta Ingalaterrara joan nintzen.
Zer dela eta?
Euskal Herrian lana aurkitzea zaila izango zela iruditu zitzaidan. Irakasle lanean aritzeko zerrendetan izena eman eta noiz hartuko ninduten zain egoteko gogorik ez nuen. Hori dela eta, urtebeterako Ingalaterrara joatea erabaki nuen. Hala, ingelesa hobetzeko aukera izango nuen.
Zertan ibili zara orain arte?
Ingalaterran urtebete bizi ondoren, Australiara joan nintzen ingeleseko titulua lortzera… eta, bide batez, hango txokoak ezagutzera, noski! Handik Ingalaterrara itzuli eta familia batekin egon nintzen lanean, irakasle titulua lortu nuen arte. Ondoren, hainbat eskoletan ordezkapenak egin nituen, Suediara etortzeko aukera suertatu arte.
Non bizi zara, zehazki?
Suedian bizi naiz, Eskilstuna izeneko hirian. Stockholmetik ordubetera dago.
Zure lana zein den azaldu al dezakezu, labur?
Nazioarteko ingeles ikastetxe batean lan egiten dut. Gaztelera eta heziketa fisiko eskolak ematen ditut.
Euskaldun asko al dago Europa iparraldeko herrialde horretan?
Suedian euskaldun asko gaude eta taldea sortu genuen. Noizean behin elkartzen gara… bazkaltzeko edo poteatzeko, noski!
Ekonomia krisian murgilduta gaude. Zer moduzko egoera bizi duzue Suedian?
Egia esan, nik neuk ez dut krisirik nabaritu, lana dut eta. Baina inguruko jendeak krisia nabaritu duela dio. Enpresa handietan lan egiten dutenek, batez ere.
Zumarragatik joan zinenean zer egin zitzaizun gogorrena?
Familia eta lagunak utzi beharra, noski.
Sarritan itzultzen al zara Zumarragara?
Urtean bitan joaten naiz: udan eta Gabonetan. Izan ere, Gabonak etxetik kanpo igarotzea oso gogorra da.
Suediatik zer ekarriko zenuke Goierrira?
Etxebizitzen alokairu merkea (kar, kar). Hemen jende askok ez du etxebizitzarik erosten, alokairuak oso merkeak baitira. Ur eta berogailu gastuak errentan sartuta daude eta etxe guztietan arropa garbitzeko gelak dituzte.
Eta Goierritik zer eramango zenuke?
Ahal banu, familia, janaria, igandetan kalean izaten den giroa eta mendiak. Egia esan, gauza asko ekarriko nituzke .