Informatikaria ikasketaz, bokazioz eta lanbidez, herrialde ugaritara eraman du lanak Mikel Osinalde (Gabiria, 1977). Txekiar Errepublikako hiriburuan, Pragan, hiru urtez bizi izan da, 2008tik. Enpresa berarentzat segitzen du gaur egun, baina Kataluniako hiriburuan, Bartzelonan. «400 biztanleko herritik milioi bateko hirira, eta jarraian 4 milioikora pasa naiz. Pentsa zer aldaketa», dio Osinaldek.
Zer arrazoik eraman zintuen Pragara?
Denetik pixka bat. Batetik, ez nuen lan dexenterik aurkitzen. Baita kanpoan egonaldi bat egin nahi nuelako ere, bere garaian egin ahal izan ez nuen Erasmus batera joan nahiak.
Bizitzeko, nolakoa da Praga?
Bizitzeko oso ondo dago. Zorionez, txekiera askorik jakin beharrik ez dago, herri txikietara joan ezean, noski. Hango bizi maila hemengoa baino merkeagoa da, eta krisia apenas nabaritu duten. Hazten ari den herrialdea da. Pena bakarra, eguraldi triste samarra daukala.
Zerk eman zizun arreta?
Gau giro apartak. Jende askok aukeratzen du Praga ezkontza-agurrak egiteko, edo besterik gabe astebukaera pasatzeko. Zerbaitengatik izango da.
Nolakoak dira txekiarrak?
Kanpokoekin harremanetan hastea kosta egiten zaie. Baina beraien hizkuntza ikasten baduzu, edo gutxienez hitz batzuekin saiatu, askoz irekiago bihurtzen dira. Nahiko jende bakartia da, orokorrean.
Itzuli zara berriz?
Bai, gutxienez urtean behin joaten naiz. Irailean berriro joateko asmoa daukat. Badira faltan sumatzen ditudan gauzak, gehienbat lagunak. Oso lagun onak egin nituen; batzuk dagoeneko lekuz aldatu dira, baina asko oraindik han bizi dira. Lagunak eta… garagardotxo frexko horiek ere bai!
Bizimodua asko aldatu zaizu Pragatik Bartzelonara?
Bai, dexente. Krisia dela eta ez dela, hemen diru aldetik justuago ibiltzen gara. Baina, bestalde, eguraldia askoz hobea da; bizimodua, erlaxatuagoa.
Aukera bazenu, zer eramango zenuke Goierritik?
Paisaje zoragarri hauek, gure ohitura sanoak (festak, kirolak…). Adibidez, soziedadeak asko sumatzen ditut faltan.
Eta, zer ekarriko zenuke?
Pragatik, dauzkaten eraikin zoragarriak, antolakuntza eta garraio publiko ezin hobea. Eta garagardoa. Bartzelonatik, berriz, eguraldia!