Mikel Balenziaga (Zumarraga, 1988) eliteko futbolera itzuli da. Realaren bigarren taldetik Athleticen lehenera salto egin zuen 2008an, eta denboraldi hartan dezente jokatu zuen. Baina ordutik, Bigarren Mailan aritu da batik bat. Ekainean Lehen Mailara igotzea lortu zuen Real Valladolid taldearekin, eta Gaztelako taldean jarraitzen du.
Nolatan halako futbol zaletasuna?
Mutikoa nintzenean, gaur egun bezala, modako kirola zen. Pilotan ere aritu nintzen, lehenengo Urretxuko pilota eskolan, eta gero Zumarragakoan. Urte batzuetan bi kirolak uztartu nituen, baina aukeratu egin behar izan nuen, eta futbolaren aldeko hautua egin nuen.
Xabi Castillo zure taldekide ohiak ere bi kirol horiek uztartu zituen…
Hura ni baino hobea zen pilotan!
Beti postu berean jokatu al duzu?
Ez, Urolan aurrelaria nintzen. Realera joan nintzenean hegaleko erdilari jarri ninduten, eta handik bi urtera, hegaleko atzelari. Dena den, urtero jokatu ditut partida batzuk zelai erdian taldekideen lesioak medio, eta aurreko denboraldian, eskuineko hegalean ezkerrekoan baino gehiago jokatu nuen.
Aurrelari hasi zinela kontuan izanik, oraindik ere gora joateko joera al duzu?
Bai, gustuko dut. Ahal dudan guztietan gora joaten naiz. Dena den, atzelaria naiz eta nire eginkizun nagusia defendatzea da. Dagoeneko garai batean baino errieta gutxiago egiten didate aurrera joateagatik. Realean nengoenean askotan egiten zidaten errieta.
Zenbat urte egin zenituen Realean?
Brunete txapelketa jokatu nuen 11 urterekin, baina ondoren, Urolara itzuli nintzen. 14 urterekin berriro Realera joan nintzen. Bigarren taldean denboraldi eta erdi egin nuen. Euren asmoa beste talde bati uztea zen, baina denboraldia hasteko astebete bakarrik falta zenean, Athletic nire bila etorri zen. Guztiontzat ona izan zen.
Asko kosta al zitzaizun Lehen Mailara moldatzea?
Ordura arte 2.B mailan jokatu nuen. Athleticek sekulako aukera eskaini zidan, baina 2.B mailatik Lehen Mailara salto handia dago. Dena den, otsailera arte partida guztiak jokatu nituen. Lehen urtea ondo joan zen.
Zer gertatu zen otsailetik aurrera?
Futbola halakoxea da. Otsailetik aurrera Caparrosek Koikili jarri zuen eta kito.
Ondoren, Soriara joan zinen.
Numancian igarotako urtea polita izan zen, nahiz eta ez genuen lehenengo mailara igotzea.
2010-2011 denboraldia Athleticen egin zenuen.
Caparrosek berarekin nahi ninduela esan zidan, baina 90 minutu bakarrik jokatu nituen. Kirol aldetik ez zen denboraldi ona izan, baina pertsona baikorra naiz. Aurrera begiratu beharra dago. Gaizki egon nintzen, baina familiaren eta lagunen babesarekin aurrera egin nuen.
Azken denboraldia, berriz, sekulakoa izan zen.
Numancia taldean eta Valladoliden egindako denboraldien arteko aldea hori da: Sorian ez nuen Lehen Mailara igotzea lortu eta Valladoliden bai.
Dagoeneko futbolari osoa zarela uste al duzu?
Bai. Lehen Mailara oso gaztetan heldu nintzen, baina erregulartasuna lortzea ez da erraza. Aurten lortu dudala uste dut. Aurreko denboraldian 41 partida jokatu nituen, eta erregulartasunari eutsi nion. Saltoa eman dudala eta jokalari helduagoa naizela uste dut.
Valladolidera joatea erabaki ona izan zen, beraz.
Las Palmas eta Cordoba taldeen eskaintzak ere izan nituen, besteak beste, baina eskaintza sendoena Valladolidena iruditu zitzaidan.
Lehen Mailara igotzea ez da egunero lortzen den gauza.
Denboraldi osoan egindako lanaren saria da. Egunak pasa ahala jabetu ginen lortutakoaren garrantziaz. Gainera, denboraldian zehar une txarrak ere pasa genituen: soldatak kobratzeko arazoak izan genituen, baina hori ahaztu, indarrak batu eta aurrera egitea lortu genuen. Valladoliden oso gustura nago. Bi aukera nituen, Athleticera itzultzea edo Valladoliden gelditzea, eta biak onak ziren. Athleticek hartzen ez baninduen, Valladoliden geratzeko aukera nuen.
Lehen Mailaz 2008-2009 denboraldian baino gehiago gozatzea espero al duzu?
Lehen Mailan jokatzea sekulakoa da: giroa, futbol zelaiak… Ez dut arantza ateratzeko beharrik. Aurreko denboraldian oso gustura aritu nintzen, eta ez dut uste inori ezer erakusteko beharrik dudanik. Sekula ez dut nire ahalmena zalantzan jarri.
Etorkizunera begira, non ikusten duzu zure burua?
Denboraldi honen bukaeran Athleticera itzultzeko aukera dut, taldeak ez balu hala nahi, Valladoliden geldituko nintzateke. Ez dut etorkizunean pentsatzen. Inork ez daki zer gertatuko den eta futbolean gutxiago.
Nolakoa da Gaztelako zalegoa?
Hemengoa baino zertxobait hotzagoa da. Gainera, han neguan hotz handia egiten du, eta futbol zelaira joatea ez da erraza. Bestelakoan, bizimodua hemengoaren antzekoa da. Oso ondo jaten da eta bizitza erosoa da. Valladolid etxetik gertu dago, eta ia hilero etortzen naiz. Gainera, gurasoak partida guztiak ikustera joaten dira. Lagunak, berriz, hilean behin joaten dira gutxi gorabehera.
Bakarrik bizi al zara?
Bai. Realetik atera nintzenetik asko ikasi dut sukalde kontuetan. Premiazkoa egiteko adina bai, behintzat.
Zein da ezagutu duzun areriorik gogorrena?
Bi talde kide ohi aipatuko ditut: Xabi Prieto eta Fran Yeste. Sekulako maila dute, eta erraz jokatzen dute.