«Semea ekarri genuen eguna, 2002ko apirilaren 6a, ez dut inoiz ahaztuko»
Patxi Iturriozen (Tolosa, 1961) aitak istripu larria izan zuen berak 6 urte bakarrik zituenean. Ibarrako senitartekoengana bidali zuten eta han bizikleta munduan murgildu zen, bere osaba Jose Mari Gonzalez txirrindulari handia baitzen. «Espainiako ziklo-kros txapelketa irabazi zuen, besteak beste. Nik bizikletak garbitzen laguntzen nion, txirrindulari asko ezagutu nituen…». Urte asko daramatza txirrindularitza probetan lan egiten. Itzulian eta Donostiako Klasikoan, besteak beste. Gainera, Loinaz Txirrindulari Elkarteko kidea da. Lasterketak antolatzeaz gain, kadete mailako taldea dute. Lan ibilbideari dagokionez, eraikuntzan eta Beasaingo eta Lazkaoko udaletan lan egin zuen. 2022an hartu zuen erretiroa.
Zer zaletasun dituzu?
Mendira joatea eta bizikletan ibiltzea.
Pelikula edo telesail bat.
Pelikula asko ikusi ditut. Azkenaldian ikusi dudanetako bat La luz da. Asko gustatu zaizkidanen artean Leaving Las Vegas dago.
Musika talde edo abeslari bat.
Benito Lertxundi eta Mikel Laboa. Nire semeak Muxutruk taldean jotzen zuen.
Abesti bat.
Oi ama Euskal Herri.
Liburu bat.
Argiñanoren errezetak irakurtzen ari naiz. Marino Lejarretaren eta Abraham Olanoren liburuak gustura irakurri nituen.
Oporretarako leku bat.
Itsasoa eta mendia ondoan dituen edozein toki.
Zer gosaltzen duzu?
Ura lim0iarekin eta kafea.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Semea ekarri genuen eguna: 2002ko apirilaren 6a.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Semea.
Amets bat.
Osasunez bizitzea ahal den guztia. Bestela, ez dut bizi nahi. Emazteak eta biok testamentu bitala egin dugu. Ez dut sufritzeko gogorik. Asko sufritu dut.
Bizitzako plazer txiki bat.
Familiarekin ondo eramatea eta lagunekin afari koxkor batzuk egitea. Baita karrerak ondo antolatzea ere.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendi.
Beasainen biziko ez bazina…
Tolosan. ■

