Kendu hortik faborez, soberan zaude argazkian
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Mesedez, goazen azkar, berandutuko zaigu bestela» dio lagunak. Goizeko seirak dira eta kafe azkar bat hartzen ari gara 24 orduz zabalik dauden supermerkatu horietako baten atean. Kafea, jateko zerbait eta ura. 34 gradu dira, % 85eko hezetasuna eta ez dugu beste ezer jango datozen orduetan. Lineako autobusa hartu behar dugu, ondoren trena eta 3 kilometroko paseo bat. Helburua: bisitalekura heltzea zazpiretarako. Horrela, lagunak dioenez, jende gutxiago egongo da eta ez du horrenbesteko berorik egingo. 35 gradu dira. 36, heldu gara. Ez gara izan originalenak, eta gure ideia berdina izan dute edo interneteko gomendio bera irakurri beste 100 turista izerditsuk.
Bidai honetan denetariko estrategiak bilatu ditugu turistak ezabatzeko: jendetza ekiditeko goiz iratzartu edo, kontrara, bero gehien egiten duen orduan joan. Argazkirako angelu perfektua bilatu, mesedez baztertzeko eskatu, ilarak egin spot idealean txanda hartzeko edo kameraren esposizio luzea erabili, geldi-geldi mantenduz mugitzen den oro ezabatzeko. Argazki ezinezkoa bilatu dugu, turistarik gabekoa.
Eta uneoro iruzkin berdina, «zenbat jende». Bai, noski, baita gu ere. Leku turistikoetara joateak hori dauka, turista egiten zaituela, gainontzekoen argazkian sobran dagoen gizabanakoa. Toki hori ikustera goaz jende asko joaten delako, horregatik da ezaguna, horregatik nahi dugu argazkia, eta horregatik dago horrenbeste jende gauza berdina egiten, argazki berdina ateratzen.
Turistekin amaitzeko soluzio definitiboa da ez bidaiatzea. Benetan uste dut kobratu beharko litzaigukela tasa altuago bat, edo izan pasaporte moduko bat, urtean bidaia bakarra egin daitekeela dioena edo. Turismoa gorroto duzula dioen bidaiari hipokrita horietako bat bazara, gogoratu zu ere bazarela norbaitek ezabatu nahi duen fondoko pertsona hori. ■
