Herri bakoitzak batzar aulkia
Gipuzkoako herrialdearen gobernantza udalerriek, herri elkargoek eta alkatetza nagusiek izan zuten XIV. mendearen bukaeratik XIX. mendera arte. Gipuzkoako Ermandade Nagusia 1397an sortu zutenetik, udalerriek ordezkariak bidalita egiten zituzten erabakiak nahiz legeak onartzeko batzarrak, gerora Batzar Nagusi bihurtuko zirenak. Garrantzitsua zen udal batentzat bere indarra, herriko su edo etxe kopuruaren arabera neurtua; baita batzarretako kokalekua ere, hurrenkerak garrantzia baitzeukan.
Gaur egun, foru sistema haren aztarna bakanetakoa Zestoako (Urola Erdia) udaletxeko batzar aretoan dago. Aretoaren buelta osoa zurezko zizeiluek hartzen dute, banku jarraitu modura. Eta inon gorde ez den bezala, Batzar Nagusietan presentzia eta botoa zeukaten udalerrien izenekin dago izendatuta eserleku bakoitza.
Izan ere, Zestoa zen Batzar Nagusiak ospatzeko aukeratutako Gipuzkoako herrietako bat. Getarian 1397an Ermandadea eratzeko lehen bilkuran erabaki zuten batzarrak egiteko herrien hurrenkera: Zestoa, Segura, Azpeitia, Zarautz, Ordizia, Azkoitia, Zumaia, Hondarribia, Bergara, Mutriku, Tolosa, Arrasate, Donostia, Hernani, Elgoibar, Deba, Errenteria eta Getaria.
Goierriko herriak
Zestoako zizeiluen aipamen zaharrena 1797koa da. Aurten berritu dute zurezko batzarlekua, eta polikromiazko lau margo geruza dauzkala ikusi dute. Herrien izenak hirugarren margotualdikoak dira, 1840-1860 bitartean eginak.
Zizeilu edo zurezko eserleku bakoitzak bizkarraldean dauka batzarkide zen herri bakoitzaren izena. Guztira, 39 udalerri daude, Goierrikoak hauek: Legazpi, Ataun, Zegama, Gabiria, Segura, Urretxu, Beasain eta Ordizia. Hiru alkatetza nagusi ere ageri dira, Goierrikoa Areria, eta Saiaz eta Aiztondo besteak.
Azkenik, zazpi herri elkarte gehiagoren eserlekuak ere badude. Batzar Nagusietara prokuradorea edo ordezkaria bidaltzearen gastuak gutxitzeko, eta eragin-indarra handitzeko okasiorako elkartutako udalerri batek baino gehiagok osatuak ziren elkargo horiek. Goierrikoak, honako herri elkarteak ageri dira: Argisano (Zumarraga, Gabiria eta Ezkio), Oria aldea (Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo eta Legorreta), eta Artamalastegi (Idiazabal, Zaldibia eta Beasain). ■


