
Lan kontuak tarteko, derbia gora derbia behera ibili gara aste osoan, eta hona ere, gure arteko elkarrizketa honetara, biharko partida horrekin nator; Realaren eta Athleticen arteko neurketarekin. Badakit, derbiak beti desberdinak direla. Halakoetan, dena orekatzen dela, eta detaile txikiek erabaki ohi dituztela mota honetako neurketak, baina iruditzen zait Reala bihar Anoetara markagailuan aurretik dela iritsiko dela. Alegia, jokatzen hasi aurretik, bat eta huts irabazten ari dela. Bi kluben inguruan aspaldian somatzen den giroagatik diot hori.
Txuri-urdinen ingurua aspaldiko partez lasai dago. Jokin Aperribaik ataka zailean hartu zuen kluba. Bigarren Mailan, egoera gaiztoan, eta zor ugari zituela. Pixkanaka, ordea, apal-apal eta zarata askorik gabe, lehengora ekarri du. Realak historikoki bere-bereak izan dituen ezaugarriak ditu berriz ere, eta lorpen hori, hein handi batean, egungo presidentearena da.
Athleticen, berriz, uda partetik hona dena da zalaparta. Lezamako eraberritze lanen inguruan Marcelo Bielsaren haserreak piztu zuen sua. Fernando Llorentek ospa egiteko harturiko erabakia etorri zen gero, eta amaitzeko, Javi Martinezen irteera. Iragan denboraldian dena zen poza. Bizipozak, ordea, gutxi iraun du Bilbo aldean. Kolpe latzak ez ezik, arrakastak barneratzen ere jakin egin behar da, eta kasu honetan, Athletici iazko arrakastak gaina hartu diolakoan nago.
Igor Sarriegi
Arrazoi faltarik ez duzu Balentxi (behingoagatik bada ere). Derbira talde bakoitza nola iristen den garrantzitsua da, eta uka ezina da Reala pauso bat aurretik dela. Baina hori lasaitasunerako arrazoia izanik, kezka eragiten didan zerbait ere bada, ez baitu ezer ziurtatzen. Derbira nola iritsi ez, nola irteten den Reala, hori da garrantzitsuena.
Zeuk esan duzu, Reala eta Athletic-en arteko partiduek ez dute besteekin zerikusirik. Edozer gerta liteke, iristen diren unea edozein dela ere, ez dago alde handirik bien artean. Hori aintzat hartuta, emaitzak, ez luke aparteko arazorik sortu behar etorkizunean, edozein dela ere.
Baina, beldur nahiz ez dela hala izango, bereziki galduz gero. Garaipen batek, 3 puntu eta zaleen miresmena ekarriko luke. Egun batzuetarako poza, baina hortik aurrera lan asko egiteko. Porrotak aldiz, ekaitza, are gehiago orain bezala hobeto heltzen garela pentsatuz gero. Irabazi ezean, egun batzuetarako tristura ez, luzerako miseria etor daiteke. Baina hori bakarrik ez, lehen ere aipatua dut hemen, miseriatik bizi den bat baino gehiago zain dagoela, aukera noiz etorriko zain. Montanierrek ez duela balio, garrantzirik ez diola eman derbiari, halako edo bestelako jarri behar zuela… Jokalarientzat ere bai. Mailarik ez dute, jarrera ere exkaxa, bla, bla, bla…
Horrek kezkatzen nau beste ezerk baino gehiago. Futbola pasioa da, baina neurria hartu behar zaio. Irabaziz gero ezer ez eta festa, galdu ezkero egurra, eta lasaitasuna galtzeko arriskua. Derbian, galtzeko irabazteko baino gehiago dago.