
Abaltzisketak, Gaintzak eta Zaldibiak muga egiten duten muinoaren magala begiratoki dotorea da ibiltarientzat. Gaintzako herri kaskoa hartuko dugu ibilbidearen abiapuntutzat, 427 metroko garaieran. Larraitz aldera doan bidea hartu eta 400 bat metrora, Eizmendi baserri aldera har daiteke Tourseko San Martinen baseliza bisitatzeko, nahiz eta egin beharreko ibilbidetik aparte geratu. Bidegurutze hori hartu ezean, bideari segi eta bost minutuan Oteginea (Oteñe) baserri-jatetxera iritsiko gara. Ibilbide laburragoa egin nahi izatera, jatetxearen aparkalekua izan daiteke abialekua.
Parez pare Txindoki dugula eta eskuin aldera –urrutiago– Aizkorri, bide ertzetik jarraituko dugu, harik eta behi ustiategi bat ikusi arte. Ordu erdi bat daramagu oinez. Haren ondoan irekitzen den bideari beherantz jarraituz –azti euri garaian, lokatza sortzen baita–, hamar minutuan Arrue baserrira iritsiko gara, Zaldibiako lurretan.
Arrue baserria eskubira utzita, Saturdiko auzoko Irizar goikoa baserrira garamatzan herri bide baten arrastoak sumatuko ditugu. Bost minutuan iritsiko gara bertara, eta auzo horretako bidea ehun metrora dugu. Ordubete osatu dugu dagoeneko. Bidegurutzera iristean Urtsularre baserria ikusiko dugu goian, Saturdiko auzoko azken baserria. Bostehun bat metro goraka eginez –aldapa pikoa da– helduko gara bertara, eta Txindoki bertan dugula sentituko dugu. Gain horretatik bi minutuan jaitsiko gara Aizporraga (Aizporra) baserrira.
Eta Gaintzara itzultzeko bat baino gehiago dira ditugun aukerak. Aizporratik bertatik badago bidea, baina atzera Urtsularrera igo, eta bidean pixka bat behera eginda, garai batean Enirio-Aralar mankomunitateko ordezkariak elkartzen ziren Suegi baserria zeneko herri bidea erabil dezakegu.