Joan zen astean San Migel jaiak ospatu zituzten Gaintzan. Han izan zen Iñaki Eizagirre (Gaintza, 1950), On-Bide elkarteko kidea. Gizon hau ostalaritzan aritu zen urte luzetan. Tolosako Itziar taberna gobernatu zuen 25 urtetan eta ondoren Hunolt enpresan lan egin zuen.
Zaletasun bat.
Ehizan aritzea eta elkartean afariak egitea.
Liburu bat.
Gutxi irakurtzen dut. Egunkariak bakarrik eta gutxi, gainera.
Musika talde bat.
Trikitixa atsegin dut. Hori da gurea. Betikoa. Ez gara orain aldatzen hasiko…
Abesti bat.
Abesti asko ditut gustuko.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Martxoaren 24a: egun horretan soldadutzan lizentziatu nintzen, aita hil zen, lagun batekin bukatu nuen…
Amets bat.
Asko. Lotan nagoela, tabernan izan nuen lapurretarekin amesten dut askotan. Milioi bat pezeta ostu zidaten generotan. Oraindik lapurtutako guztia oroitzen dut. Esna nagoenean ez dut amesten: aurrera egitearekin nahikoa dugu!
Janari bat.
Denetik jaten dut.
Edari bat.
Ardoa.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Inork egin al dit oparirik?
Goierriko txoko bat.
Nire jaiotokia: Gaintza. Mokadu bat jan eta itzaletan atseden hartzeko toki asko daude.
Herriko alkate bazina…
Ez dut horretaz ezer jakin nahi! Lehenago ere nahikoa egon gara jendearen ahotan!