Urriaren 21a egun berezia izango da Ainhoa Miguelentzat: beste hainbat gaztek bezala, 18 urterekin, lehenengo aldiz emango du botoa. Zuzenbide ikasketak egiten hasi berria da Olaberrian bizi den Ainhoa Miguel (Beasain, 1994). Igandean, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, lehenengo aldiz bozkatzeko aukera izango du.
Igandean, hilak 21, lehenengo aldiz emango duzu botoa. Zer sentitzen da horrelakoetan? Ilusiorik sortzen al dizu?
Ez nuke ilusio hitzez definituko; botoa ematea egin behartzat hartzen dut. Ez obligazioa delako, Euskal Herria jorratzeko bide luzea dagoelako batik bat, eta aldatzeko gauza gehiegi daudelako.
Bestalde, emakume naizen aldetik botoa eman behar handiagoa sentitzen dut. Asko kosta zaigu historian zehar botoa eman ahal izateko eskubidea onartua izatea. Atzera pausorik ezin da eman.
Jarraitu izan al duzu politika?
Beti jarraitu izan dut azaletik politika. Hala ere, aitortu behar dut, aurten botoa ematea tokatzen zaidala eta… askoz gertuagotik jarraitu dudala.
Edozein modutan pentsatzen dut, gizartean eragiteko badirela beste bide batzuk botoa emateaz gain. Euskal Herrian elkarte askotan parte hartu liteke, eta horrek 4 urtetik behin hauteskundeetan botoa emateak adinako garrantzia ere badu.
Gazteen pasibotasunaz hitz egiten da askotan. Horrela dela iruditzen al zaizu?
Orokortzea ez zait egokia iruditzen, baina bai esango nuke, gazteen artean badela orain arteko politika egiteko moduarekiko konfiantza eza. Baliteke krisi garai honek politika beste modu batera ulertzeko premia ere indartzea eta politikan parte hartzeko beste modu batzuk ere sortzea.
Gazteen ikuspegitik, zure ustez, lehendakariak zer hartu beharko luke kontuan?
Batetik, herri bezala euskalduna izatea eta euskararen aldeko politika berriak sustatzea. Beste alde batetik, hiritar arteko berdintasuna bermatzeko bidean ausarta izatea izan beharko luke kontuan (auzo-lanak, kooperatibismoa…). Azkenik, Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berri eta itxaropentsuan giza harreman eta herri arteko harreman eredu berriak sortzeko sena izatea.
Zein da zure ametsetako Euskal Herria?
Euskalduna, askea; norbere askatasuna bermatuko duena.