
Iñaki Apalategi
Hauteskundeak berriro, Aitor! Laister dituk berriro denak garaile…
Joan den astean, Noticias de Navarran, getariar politikari ezkertiar ohi batek garaipenik ezaren apologia egin zian, preso den Otegiren «irabaztera goaz» eta antzerako esaldiak arbuiatuz, lubakitik bakerik ez dela lortzen bere lubakitxotik erasotzen zian bitartean. Baina nik uste herri honek merezi duela garaipen bat, guztien eskutik etorria.
Irabaztea arbuiatzeak susmoak pizten zizkidak: arbuiatzailearen ibilbidea ikusita, zehazki norbaitek ez irabaztea beste ezeren aurretik lehenesten duela zirudik; irabazleak ez, galtzaileak nahi balitu bezala, bakea ere politizatuz, lumarekin erasoan. Gandhi bakezaleak idatzi zian horrelako erasoei buruz: «First they ignore you; then, they laugh at you; then, they fight you. Then, you win».
Irabaztearen seinale izan arren, erasotua izatea baino nahiago diat elkarlana. Noizko denok irabazi, Aitor?
Aitor Sarriegi
Ba bai, bertan dituk hauteskundeak eta ez duk erraza gero gainean ditugunik ohartu gabe eguneroko bizia egitea. Ni ez nauk irabaztearen teorizazioetan sartuko, Iñaki, irabaztea bera zer den guztiok ez diagu berdin ikusten eta. Elkarlanaz hitz egin duk, eta sarri entzun izan diagu politikarien ahoan, elkarlan horretatik norberak zer irabaz dezakeen ongi neurtuta betiere. Ez zeudek, nonbait, hain urrun elkarrengandik.
Denok irabaztea ez duk posible besteak irabaztea galtzea dela pentsatzen dugun momentutik. Oraingoan ere batzuek ez galtzera irtengo dituk, eta, dirudienez aspaldiko partez, bi alderdi abertzale irabaztera. Batak ala besteak irabazi, nahiko argi zirudik gehiengo abertzale zabala izango duen parlamentua izango dela Gasteizen.
Ez duk abiapuntu txarra benetako apustu soberanista bat egin eta etorkizuna irabazteko. Zer duk denok irabaztea gure geroa geuk erabakitzea ez bada?
Hori bai, bakoitza bidean zer galtzeko prest dagoen ikusi behar.