Nerea Elustondo
Azkarate, nola da Igor Elortzak Metaforen gerratea kantuan kantatzen duena? «Zer da adibidez gehiengoaren nahia ta borondatea?»…
Bukatu da hauteskunde kanpaina. Politikariek (errealitatea ikusita, beharbada egokiagoa zatekeen alderdi politikoetako ordezkariek esatea) kanpainan zehar behin eta berriz aipatu duten herriak adierazi du bere nahia. Ez dakigu hamarretik lauk zer nahi duen, baina hamarretik seik egin duten hautua ikusita, abertzaletasunaren garaipena eta horrek ekar dezakeen salbazioa edo apokalipsiaren inguruko iruzkinak ziento bat aldiz entzun, ikusi, irakurri eta aipatuko genituen ziurrenik lerro hauek argitaratzerako.
Jeltzaleekiko alde handirik gabe, baina EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Goierrin. Zuena ez beste herri guztietan, alderdi abertzaleak izan dira nagusi. Ikusi dugu alderdiko koordinatzaile kargua utzi duen goierritarrik ere, baina badakizu sei goierritar ariko direla Eusko Legebiltzarrean datorren legealdian? Eta badakizu sei horietatik hiru legazpiarrak direla? Beharbada, legazpiarrok ez gara zuek pintatzen gaituzuen bezain hilak…
Gorka Azkarate
Letra polita zuen Gu ta Gutarren kanta hark, “objektibitankea” eta abar… Hauteskundeei buruz hitz egiteko hautua egin duzu, Nerea; pentsatzekoa zen, bai, Gasteizko legebiltzarraren banaketa berria eta hartu duen kolorea guztion ahotan dauden honetan. Gustura asko erantzungo niokeen, hala ere, Unai Kerejeta handiari, orain zenbait aste txoko honetan muturreko kirol jardueraren gainean egin zuen hitz aspertua eta gero. Iritsiko dek hire txanda. Gorde hadi ezkutuan bitartean, Kerebechkam arratoi alena!
Gatozen politika kontuetara. Ez nekien Legazpin goi-mailako politikarien horrelako harrobia zenutenik, baina ikusten da ez zaudetela geldirik, ez. Beti izan zarete gauza bat esan eta beste bat egiten iaioak, ezta Nerea? Politika horixe da, azken finean, kar-kar…
Behin ilegalizazioen sasoi iluna atzean utzirik, legebiltzarrak gehiengo abertzalea izango zuela zioten aurrez inkesta guztiek, baita lehen postua porrokatua izango zela ere, inkesta horietako gehienen esanetan. Lehenengo aurreikuspena bete da, baina bigarrena, ez hainbeste. Horren harira, ikusi besterik ez dago Argia aldizkariak Twitter bidez martxan jarri zuen #hautesporra lehiaketa, zeinetan parte-hartzaileek parlamentuaren osaketa berria asmatu behar zuten. Ez dakit asmatzailerik izan den ere… Izan ere, politikan eta futbolean, epaileak txistua jo arte ez da amaitzen partida, eta badakigu ez dagoela arerio txikirik, eta aukerak barkatzen dituenak amaieran ordaindu egiten du, eta…