
Hamabi urtez Adegiko batzorde eragileko kide izan ondoren, Gipuzkoako enpresaburuen presidente izendatu zuten maiatzean Pello Gibelalde (Brinkola-Legazpi, 1945).
Hauteskundeak igaro berri dira. Zer diozu emaitzez?
Gure elkartean joera oso ezberdinetako jendea dago eta ezin diot galdera horri erantzun. Gauza bakarra esango dut: kanpaina duela hilabete asko hasi zen, eta luzeegia izan da. Gainera, gobernua osatzeko bi hilabete daude, eta hori denbora gehiegi da. Egoera honetan, epeak laburtu egin behar dira, lehenbailehen gobernua izateko.
Zer jarrera hartu behar dute alderdiek zuen ustez?
Gobernu sendoa eta balio kontrastatua duena behar dugu. Irmoa, ausarta eta eraginkorra. Gutxiagorekin gehiago egiten jakin behar du. Hori posible da gainera, orain arte askorekin gutxi egin dugulako; hor dago arazoaren gakoetako bat. Gobernuak egin behar duen lehen gauza aktibitate ekonomikoa berreskuratzeko neurriak hartzea da. Horretarako doitzeak hazkundearekin konbinatzen jakin behar du gobernuak; hazkunderik gabe ez da lanposturik sortuko, eta ez da ekonomia berpiztuko. Denok lan egin behar dugu gehiago eta hobeto.
Zer diozu Gipuzkoako Aldundiarekin duzuen harremanaz?
Naturala, egonkorra eta normalizatua da, ezin da beste era batekoa izan. Dena den, kontu askotan iritzi oso ezberdinak ditugu. Aldundiaren diru-sarreren %70 enpresetatik datorrenez, BEZ eta PFEZ bitartez, hartu-emana egonkorra izan behar da. Hori bai, Aldundiak enpresekin harreman atseginagoa izatea nahi dugu.
Zer egin da gaizki orain arte?
Garai oparoak izan dira, asko gastatu dugu eta gutxi egin. Gure gurasoek eta aitona-amonek gutxirekin asko egiten zuten, eta atzera begiratu behar dugu, nola lan egiten zuten ikusi. Ongizateak besterik ez gaitu kezkatu orain arte.
Gutxiagorekin gehiago egin behar dela esan duzu. Enpresek zer egin behar dute?
Enpresek hiru gauza egin behar dituzte: merkatu berriak aurkitu, konpetitiboagoak izan eta handitu. Gure merkatu nagusia Espainia zen eta iragarpenak negargarriak dira. Gure merkatu nagusia pikutara joan denez, hortik kanpora saldu beharra dugu. Azken urteotan Europara zabaldu gara, baina Europa ere ez dago oso ondo. Konpetitibitatea irabazteari dagokionez, Alemaniarekiko 20 puntu galdu ditugu 15 urtetan. Zergatik? Soldatak produktibitatea baino gehiago igo direlako. Konpetitiboagoak izatea lortu behar dugu eta hori ez da zaila. Inplikatzea da kontua.
Tamainari dagokionez Gipuzkoako enpresen %90ak hamar langile baino gutxiago du eta horrek etxetik kanpo saltzea asko zailtzen du. Enpresek aliantzak egin behar dituzte, hazteko eta kanpoan saldu ahal izateko. Denok gehiago eta hobeto lan egin behar dugu. Denok, enpresa enpresariok eta langileok osatzen dugulako. Egungo konpromiso faltarekin eta konformismoarekin ez goaz inora. Zintzotasuna, etika, esfortzua, sakrifizioa eta hobetzeko grina bultzatu behar ditugu. Balio horiek gabe, ekonomiak ez du funtzionatuko.
Espainiako merkatuarekiko menpekotasuna da, beraz.
Beno, normala da. Enpresa kale batean baduzu eta bertan ekoizpen guztia saltzen baduzu, ez duzu bigarren kalera joateko premiarik ikusten. Dena den, horretan aurrerakoi samarrak izan gara. Gipuzkoako enpresa batzuek urte asko daramate Brasilen, Indian eta Txinan saltzen.
Egia da, hala ere, Gipuzkoa beti enpresa haztegia izan dela, eta egun ez dut halakorik ikusten. Jende guztiak laguntza falta jartzen du aitzakia bezala. Ongizate handiegia izan dugulako da hori. Esfortzu gutxirekin asko lortu dugu eta horrek eroso bizitzera eraman gaitu. Arriskuez ez dugu ezer jakin nahi eta erosotasunaz bai. Baina euskalduna erronka zalea eta burugogorra izan da beti. Egun, enplegua enpresen hazkundearen bitartez sortzen da, eta ez enpresa berriak sortzen direlako. Hori arazoa da.
Nola ikusten dituzue Kataluniako mugimenduak? Itxaropentsu ala kezkati zaudete?
Ekonomian zentratu behar gara. Guk ez dugu inongo ahalmenik politika kontuetan. Ez gara gidoitik atera behar. Gure zeregina ekonomia funtziona araztea da.
Politikariek eta gizarteak subiranotasun kontuez eztabaidatzeak kezka eragiten al dizue?
Zainketa intentsiboetako unitatean dagoenak bertatik atera nahi du. Hori da bere lehentasuna. Ez du beste kezkarik. Gure lehentasuna hilerrira ez joatea da, ospitaletik oinez ateratzea. 2008tik 2011ra 2.000 enpresak baja eman zuten Gipuzkoan. Aurten 500 enpresa desagertu dira, ekoizpena %30 jaitsi da eta 1999koaren parekoa da, BPG 2005ekoa da… Datu horiekin, atzerrira gehiago nola esportatu da gure kezka, ez subiranotasuna. Une honetan, bizirautea da gure lehentasun bakarra.
Zer espero duzue 2013rako?
Urte gogorrak datoz. 2013an ez da oraindik hazkunderik egongo. Aurreikuspenak negargarriak dira. Krisia hasi zenetik, unerik gogorrena bizitzen ari gara. Behera egin dugu eta oraindik ez dugu hondoa jo. Eustea eta itxarotea da kontua. Bitartean, ahalik eta hobekien lan egin beharra dugu.
Geroz eta zailagoa da lehiakorra izatea?
Nire ustez produktibitatea da gakoa. Lehiakorra ez bazara, Bigarren Mailara zoaz, eta konpetitiboa ez den enpresa ixtera kondenatua dago, zalantzarik gabe.
Lehen Mailan jokatzeko prest dauden herriak geroz eta gehiago dira, ordea.
Guk kalitatearen eta zerbitzuaren aldeko apustua egin dezakegu.
Zeintzuk dira gure indar guneak?
Industria sektore indartsua dugu, adibidez. Duela urte batzuk, garrantzitsuena saltzea zela zirudien, baina funtsezkoena ekoiztea dela konturatu gara. Bestalde, gure formazio maila bikaina da. 34 urte azpikoen %43k goi mailako heziketa du. Gainera, urteak daramatzagu gure produktuak mundura zabaltzen. Baina gure altxorrik preziatuena gure jendea da: denok bat eginda lan egiten badugu, ez dago geldituko gaituenik. Hori askotan erakutsi dugu.
Eta zeintzuk dira gure ahuleziak?
Politikarien, sindikatuen eta langileen arteko kohesioa oso eskasa da. Horri guztiari akordioak lortzen esperientzia eskasa dugula batzen badiogu… Enpresariek eta langileek elkarrengan konfiantza izan behar dute, gardentasuna, komunikazioa eta langileen partaidetza handiagoak izan daitezen, eta enpresek produktibitatea hobetu dezaten. Itun bat behar dugu. Guztiok hartu behar dugu krisiak eragindako kargen ardura, eta egoera hobetzen denean irabaziak partitu behar ditugu. Hori egiten ez badugu, ez dugu krisia gaindituko. Langabezia haziko da eta sindikaturen bat poztu egingo da, baina hau guztia pikutara joango da.
Sindikatuak langabezia hazten delako poztu egiten al dira?
Sindikatuak beharrezkoak dira langileak defendatzeko, baina egun langileak babesteko modurik onena enplegua sortzea da. Ez zait iruditzen sindikatuak lanpostuak babesteko eta sortzeko asko egiten ari direnik: borroka bakarrik dute buruan.